Udalak ia 400.000 euro jasoko ditu COVID funtsetatik

2022/01/14
Card image cap
(Arg: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Oinarrizko zerbitzu publikoak indartzera zuzenduko da dirua

  Covid-19 pandemiaren eragina neutralizatzeko Espainiako estatuak aktibatutako funtsetik ia 63 milioi euro jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horietatik %40a, 25 milioi pasa, lurraldeko udalen artean banatzea erabaki du diputazioak, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak indartzeko ez ezik, beste eskumen batzuetan ere baliatzeko. Halaxe jakinarazi zuen atzo Markel Olano Ahaldun Nagusiak hainbat alkaterekin egindako bileran. Izaro Elorzak bileran parte hartu zuen, Oñatiko alkate eta Eudeleko finantza kontseiluko partaide gisa.

  Gipuzkoako udalen artean banatu diren 25 milioi eta 146 mila euroak, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak ezarritako irizpideen arabera egin da, hau da, biztanle kopurua kontutan hartuta, nagusiki. Oñatiko udalak 398.812 euro jasoko ditu.
Covid funtsetatik jasoko den diru honi, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetatik aurtengo iragarri ziren 8.796.428 euroak batu behar zaizkio.

  Euskadiren erakunde eta finantzaketa sistema arrisku eta erantzukizun partekatuko irizpideek arautzen dutela gogorarazi zuen Markel Olanok atzoko bileran. Gauzak gaizki datozenean, herrialdeko erakunde maila guztietan baliabideak murriztu egiten direla eta alderantziz denean, onurak guztiok jasotzen ditugula esan zuen. Gogoratu behar da Covid-19a agertu zen urtean, 2020an, udalek foru funtsetatik aurreikusita zegoena baino %20 gutxiago jaso zutela. Orain, udalen finantzaketak momentu ona bizi duela aipatu zuen diputatu nagusiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!