Oñatiko udala

Udalak ia 12.400 euro emango dizkio Txanda elkarteari

2022/01/29
Card image cap
2021eko ekintzak finantzatzeko dirulaguntza da

  Txanda dendarien elkarteak iazko ekintza planaren memoria eta sarrera eta gastuen justifikazio taula eman dizkio Udalari, dirulaguntza eskatzearekin batera. Herrira zabaldutako kanpaina eta ekimen ezberdinetan ia 30.000 euroko gastuak zuritu ditu dendarien elkarteak, dagozkion faktura eta ordain agiriak aurkeztuz.

  2021eko ekintzen txostenean jaso dira, komunikazio kanpaina, udazken-neguko eta udaberria-udako stocka saltzeko Azken txanpa azokak, Udaberrixa badator, #nitokikozale eta Gabonetako kanpainak edota elkartea eta bazkide diren dendak bistaratzeko egin den promozio digital berezia. Elkarteak herrira eta bezeroei zuzendutako ekintzez gain, bazkideei zuzendutako hainbat ikastaro ere egin ziren iaz, besteak beste, dendariak digitalki ahalduntzeko eta sare sozialetan duten presentzia eta negozio aukerak lantzeko ikastaroak eskaini zitzaizkien.

  Urtean antolatutako ekintzei aurre egin ahal izateko, Txandak, elkarteko bazkideen kuotak eta Eusko Jaurlaritza eta Udalaren dirulaguntza jaso ohi du. Eusko Jaurlaritzak ia 12.300 euroko dirulaguntza agindu die eta Udalak beste 12.391 euro ematea erabaki du.

  2021eko diru kontuak eta ekintzen memoria, nahiz 2022rako dauden lehen asmoak, otsailaren 15ean Txandak egingo duen batzar nagusian azalduko zaizkie bazkideei. Era berean, zuzendaritza batzorde erdia berritzeko hautaketa egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!