Oñatiko udala

Udalak, herri onurako basoen inguruko hausnarketa egiteko batzarrak antolatu ditu.

2012/03/16
Basogintza herrijorran izenpean, hiru bilera ireki egingo dira datozen hiru astelehenetan.

  Aloña ziarra, Artia, Txirikilaleku eta Iturrigorriko basoak hizpide izango dira udalak antolatu dituen batzar hauetan. Gaur egungo kudeaketaz eta etorkizunean basoen kontserbazio eta kudeaketarako ildoez eztabaidatu asmo da, udalak, arlo honetan jarraitu beharko lituzkeen bideak zehazteko. Batzarretara, auzo alkateak eta baso elkarteko kideak zuzenean gonbidatuko dira baina interesa duten gainontzeko herritarrei ere bertaratzeko deialdia egiten zaie. Elkarren segidako hiru astelehenetan  izango diren batzarrek lotura izango dute. Lehen bileran, egoeraren ikuspegi orokor bat emango da eta gai konkretuak zehazten joango dira. Horretxegatik, derrigorrezkoa ez den arren, bileretara doazenean, jarraipenez joateko ahalegina egitea eskatzen zaie. Batzarretako lana talde txikitan eztabaidatuz burutuko da.

  Herri onurako mendietan egiten diren lan asko foru aldundiak egiten dituenez, astelehenean martxan jarriko den hausnarketa prozesua osatu eta etorkizunerako plangintza zehaztu bitartean, lan berririk ez egiteko eskaera egin da udaletik.

  Oñatiko udalerriaren azaleraren ehuneko 20 ingurua, herri onurako mendiak dira. Gehiengoa, Araotz Arantzazu inguruan kokatzen da. Herri onurako mendien heren bat, larre edo belardiak dira. Beste heren bat pagadi eta gainontzekoa, konifera landaketak.

  Guzti horri buruzko hausnarketa eta eztabaida astelehenean abiaraziko da. “Basogintza herrijorran” prozesuaren baitan antolatu diren bilerak martxoaren 19 eta 26an, eta apirilaren 2an egingo dira, arratsaldeko 7retan eta udaletxeko osoko bilkura aretoan.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!