Udalak helegitea jarriko dio jaietan presoen eskubideen alde egitekoak ziren ekitaldien debekuari

2015/10/01
Card image cap
Zein argudio emango diren abokatuekin zehazten ari dira

  San Migel eguneko data dauka debekua jakinaraziz udaletxean jaso den FAXak. Bidali, irailaren 29ko arratsaldean bidali bazen ere, egun horretan eta biharamunean udaletxea itxita egon zenez debekuaren berri ematen duen idatzia gaur goizean bertan eskuratu du alkateak. Berehalakoan abokatuarekin harremanetan jarri dira tartejarriko den helegitearen argudioak zehazteko. Udalak, bihar 14.00ak arteko epea dauka debekuaren kontrako helegitea jartzeko.

  Carlos Urquijo gobernu ordezkariak astelehenean eskatu zuen Oñatiko jai egitarauan jasota zeuden hiru ekitaldi debekatzea. Konkretuki, Euskal presoak euskal pilotalekuetara lelopean atzorako iragarrita zegoen bertso bazkaria eta presoen eskubideen aldeko biharko elkarretaratzea eta  larunbateko ekitaldia. Ekitaldi horiek Udalaren jai egitarauan agertzean, administrazio publikoen objektibotasun printzipioa eta Terrorismoaren Biktimen Legea urratuko luke Urquijoren arabera.

  Udal Gobernu Taldeak zabaldu duen idatzian dioenez, Udalak banatzen duen jaietako programan jaien inguruan antolatzen diren ekitaldi guztiak sartzen dira, Udalak zuzenean antolatutakoak izan edo ez. Horren haritik, argitzen da presoen eskubideen alde antolatutako ekitaldiak ez dituela Udalak zuzenean antolatu, herritar talde batek baizik. Era berean, Urquijok debekatzea eskatutako ekitaldietan biktimen mespretxuzko jarrerarik ez dagoela dio Gobernu Taldearen idatziak, Urquijoren akusazioa ondorioz, faltsua dela adierazten da. Espainiako gobernu ordezkariak kolore politiko jakin bateko udalak jomugan dituelarik, XXI. mendeko inkisidore papera betetzen duela salatu du Udal Gobernu Taldeak, arratsaldean zabaldu duen prentsa-oharrean. Eta giza eskubideen defentsa ez dela delitua azpimarratzen du.

  Zentzu horretan, biharko iragarrita zegoen elkarretaratzearen lema aldatuta, elkartasuna ez da delitua lelopean elkarretaratze berria deitu da arratsaldeko 20.00etarako. Izan ere, Donostiako administrazioarekiko lehen epaitegiaren aginduz debekatuta baitago presoen eskubideen alde deituta zegoen mobilizazioa eta baita larunbaterako ekitaldia ere. Gogoratu dena den, debekuaren berria gaur arte jaso ez denez, printzipioz debekatuta zegoen atzoko bazkaria, normaltasunez egin zela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!