Udalak, Unibertsitate Etorbidean dagoen telefono kabina kentzeko eskaerari ezezkoa eman dio.

2012/06/20
Herriko autobus geltoki nagusiaren ondoan dagoela eta mantentzearen komenigarritasuna adierazi zaio Telefonicari.

  Izan ere, enpresa honen ardurapekoa baita, herrian erabilera publikoko telefonia zerbitzua ematea. Eta hori, telefono kabinen bidez gauzatzen da.

  Jakina da telekomunikaziorako merkatuan aldaketa handiak gertatu direla azken urteetan, eta egun, telefonia arloan ere aukera ugari daudela. Horrek, telefono kabinen erabilera asko jaitsi duela eta, Oñatin instalatuta dauden kabinen berrantolaketa aztertu du Telefonica enpresak.

  Oñatik biztanle kopurua kontutan hartuta herriari lau kabina dagozkiola dio enpresak, nahiz eta egun zortzi dauden. Aldi berean, zerbitzu egokia emateko eskaintza dagoen eskaerari lotzea garrantzitsua dela azpimarrtzen du Telefonikak bere idatzian. Horretxegatik, egun gutxi erabiltzen den Unibertsitate Etorbideko kabina kentzeko eskaera egin dute.

  Era honetako eskaerak ez dira berriak udaletxean, aurrez, hiruzpalau aldiz gainera Zubillagako kabina kentzea ere eskatu baitu Telefonikak, eta guztietan udalaren ezezkoa jaso du azken honetan bezala.

  Erabaki hau hartzeko bi argudio nagusi eman ditu udal gobernu taldeak: erabilera publikoko telefonia zerbitzua mantentzea beharrezkoa dela eta kendu nahi den kabinaren kokalekua. Hau da, herriko autobus geltoki nagusiaren eta posta zerbitzuaren ondoan dagoela.

  Horretxegatik, udalak, Unibertsitate Etorbideko kabina kentzeko Telefonicak luzatu duen eskaerari ezezkoa erantzutea erabaki zen azken tokiko gobernu batzarrean.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!