Oñatiko udala

Udalak eta Ulma Construcción, Packaging eta Piping-ek, langileen garraio kolektibo zerbitzuaren finantzazioaz duten hitzarmena 3 hilabetez luzatuko dute.

2012/09/21
Bitartean, hiri garraio zerbitzu publikoaz udala egiten ari den azterlana bukatzea espero da.

  Udalak, egun herri mailan dagoen garraio kolektibo zerbitzua bateratu egin nahi du. Horretarako,  jaiegunetan Arantzazura dagoen zerbitzua, Gureak taldeko langileena, eskola garraioa eta Lanbus zeritzona barneratuko lukeen sistema aztertzen ari da. Azterlanean auzoak eta herri gunea lotuko lituzkeen balizko hiri garraio zerbitzu publiko berria ere lantzen ari da.

  Azterlan hau abuztu amaierarako egongo zelakoan, Udalak eta Ulmako hiru negoziok langileen garraio kolektiboa mantenduz abuztu bukaerara arteko finantzazio hitzarmena sinatu zuten.

  Lana, esan bezala, ez da bukatu eta zerbitzua bertan behera utzi gabe, hitzarmena beste hiru hilabetez luzatzea erabaki da. Horren arabera, udalak, Ulma Construccion, Packaging eta Piping-eko langileen lanerako autobus zerbitzuaren parte bat ordaintzen du, hirutik bat. Gainontzekoa, hiru kooperatiben eta erabiltzaileen kontura da.

  Urte amaierara arte luzatu den finantzazio hitzarmen hau, LANBUS zerbitzuan du jatorria. Udalaren ekimenez baina herriko lau kooperatibekin elkarlanean eta Gipuzkoako foru aldundiaren laguntzaz, Lanbus, herrian kokatuta dauden enpresetako langileentzat propio diseinatutako garraio kolektibo berezia martxan jarri zen 2009an.

  Hasiera hartan, zerbitzuak, Txartel bakarra deritzon sistema hartu zuen. Udalak diputazioaren laguntzaz esan bezala, zerbitzuaren kostearen ehuneko 33a ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.

  Hasieran udalak, eta herriko lau enpresek sinatu zuten LANBUS abian jartzeko lankidetza hitzarmena: Fagor Industrial, Ulma Construcción, Ulma Packaging eta Ulma Piping-ek. Hitzarmenak, 3 urteko epea zuen. Behin hori beteta, zerbitzuaren kostua enpresen esku geratuko zen.

  Zerbitzua garestia zela ikusi da eta enpresa partaideek zegoenetan ezin zutela mantendu jakinarazi zuten. Udalaren aldetik, ordea, interesgarria da halako edo antzeko proiektuei jarraipena ematea. Horretxegatik eta gaia orokorrean hartuta, hiri garraio zerbitzu publikoaren azterlana egiten ari da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!