Udalak eta ONEKO Oñatiko Energia komunitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute
Diru horrekin hainbat jarduera burutuko ditu Oñatiko Energia Komunitateak: proiektuak garatu eta gauzatuko ditu, komunikazio-jardunaldiak antolatu, aholkularitza zerbitzuak eta prestakuntza ikastaroak finantzatu, energia-komunitateen mugaz gaindiko bigarren mailako sareetan parte hartu ahal izango du eta, oro har, trantsizio energetikoarekin zuzenean lotutako beste zereginetarako oinarri ekonomikoa izango du.
Udala Energia-komunitatearekin lankidetzan arituko da, trantsizio energetikoarekin eta jasangarritasunarekin lotutako ekimenak bultzatzeko; ahal duen neurrian eta lege-esparruaren baitan, energia berriztagarriko eta energia-efizientziako proiektuak garatzeko informazioa eta laguntza instituzionala emango dio; herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpainetan parte hartuko du, iraunkortasunaren, autokontsumoaren eta energiaren erabilera eraginkorraren arloetan eta energia-komunitatearen esparruan gara daitezkeen ekimen edo proiektu zehatzetan parte hartzeko aukera aztertuko du, besteak beste.
Oneko Kooperatibak bere aldetik, energia-kontsumoa murriztera bideratuko du bere jarduera, kontsumoen azterketa eta hobekuntzaren bidez eta prestakuntza, sentsibilizazioa eta aholkularitza sustatuko ditu, nagusiki. Era berean, mugikortasun jasangarria bultzatuko du, energia berriztagarrien sorkuntza sustatuko eta energia-eraginkortasuna hobetzea bultzatuko du, bereziki eraikinen arloan, birgaitze-jarduerak barne hartuz.
Izaro Elorza alkateak eta Onekoko lehendakari Raul Garciak sinatu duten lankidetza hitzarmenak hiru urteko iraupena du. Hitzarmenaren berri eta bestelako xehetasunak emango dira Onekok datorren asteazkenean, maiatzaren 20an egingo duen Ohiko Batzar Nagusian. ELTZIAko hirugarrren solairuko gela balioanitzean izango da, arratsaldeko 18:00etan lehen deialdian, 18:30etan bigarrenean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!