Udalak eta Irazan elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, emakume sortzaileen lanari ikusgarritasuna emateko

2022/07/06
Card image cap
“Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” eleberrian oinarritutako antzezlana sortuko da

  Udalak diru sail berria gorde zuen 2022ko aurrekontuetan herriko emakume sortzaileen lanari ikusgarritasuna emateko helburuz. Diru hori nola eta zertara bideratu erabakitzeko aukera ezberdinak aztertu ziren, besteak beste, deialdi irekia egin, formakuntza tailerren bat antolatu edota emakume sortzaileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua eskaintzea… Udal arduradunak horretan zeuden bitartean, Irazan antzerki guneak antzezlan bat sortzeko proiektua aurkeztu zuen udaleko Berdintasuna departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzetara. Bi asmoak uztartu zitezkeela ikusita Irazan taldearekin harremanetan jarri ziren, elkarlanerako aukerak lantzeko. Hortik sortu da astean sinatu den emakume sortzaileen lanari ikusgarritasuna emateko lankidetza hitzarmena.

  Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama Alaine Agirreren eleberrian oinarritutako proiektu artistikoa gauzatuko du Irazan taldeak. Antzezlana taularatzeaz amaituko den sormen prozesua zerotik hasi da eta herritarrekin parte hartze bideak urratuz gauzatuko da. Proiektuan parte hartzen duten pertsona guztiak emakumeak izango dira, ahal den neurrian, eta sortuko den antzezlanaren bi emanaldi gutxienez egitea aurreikusi da, lehena, doakoa, herriko ikasleei zuzenduta eta bigarrena, irekia, herritar guztiei zuzendutako estreinako emanaldia.

  Udalak, proiektu artistiko honen sortze prozesuko gastuei aurre egiteko 8.000 euroko dirulaguntza emango du. Baina bestelako ekintza osagarri batzuk egitea ere aurreikusten da eta horretarako beste 2.000 euro bideratuko ditu.

  Astean sinatu den lankidetza hitzarmenak urtebeteko iraunaldia du, 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!