Udalak eta Gureak tailerrek sinatu duten hitzarmenaren babesean, ezintasun intelektuala duen pertsona batek urtebeteko praktikaldia egingo du udal bulegoetan.

2013/04/15
Orain arte langabezian zegoen lagun hau bihar bertan hasiko da lanean.

  Atzegi eta Gureak-ek, PAUSOBERRIAK izeneko programa sustatzen ari dira. Helburua, adimen urritasuna duten pertsonen lan integrazioan laguntzea da, alde batetik, lana topatzeko aukerak areagotu eta bidea erraztuz eta aldi berean, gizartea sentsibilizatuz, hau da, urritasuna duten pertsonak lan esparruan izan behar duten tokiaz kontzientziatuz. 

  Helburu bikoitz hori gogoan hartuta, udalak eta Talleres Protegidos Gureak taldeak, elkarlanerako hitzarmena sinatu berri dute. Horren arabera, langabezian dagoen eta ezintasun intelektuala duen pertsona batek urtebeteko praktikaldia egingo du udal bulegoetan.

  Praktikak egitera etorriko den pertsona izendatuta dago: Virginia de Manueles bergararra izango da. Langile berri honek bulego eta kudeaketa lan arinak egingo ditu: fotokopiak egin, dokumentazioa deuseztu, departamentu ezberdinen arteko dokumentazioaren ekarri-eramana, eta udalaren korrespondentziaren bila postetxera joatea, bestak beste.

  Egunero, astelehenetik ostiralera, lau orduko jarduna beteko du.

  Orain, lanak ikasi eta laguntzeko, praktikaldiaren lehenengo hilabetean lan prestatzaile batekin arituko da. Ondoren, udaleko barne antolamendu batzordeko teknikaria eta idazkaria izango dira bere praktika-tutore.
Gureak-ek izendatutako langileak urtebete egingo du udal bulegoetan lanean. Bihar bertan hasiko da eta 2014ko apirilean amaituko du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!