Oñatiko udala

Udalak eta Grupo SSI kooperatibak lankidetzan jarraituko dute

2024/01/26
Card image cap
Etxeko zaintza sektorean profesionaltasun ziurtagiria lortzeko ikastaro berria egin nahi da udaberrian

  Grupo Servicios Sociales Integrados kooperatiba gizarte ekimeneko eta onura publikoko entitatea da eta adineko edota gizarte egoera ahulean dauden pertsonen eta haien familien gizarte-beharrei erantzun integrala ematea du helburu. Horretarako, zaintzaileei zuzendutako prestakuntza eta orientazioa eskaintzen du, besteak beste, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta enplegu Sailaren finantzazioa dauka.

  Oñatiko Udalarekin lankidetzan dihardu azken urteetan Grupo SSI taldeak, bereziki interna gisa edo lanaldi zatituetan lan egiten duten pertsonei egokitutako prestakuntza eskaintzen. Lan ordutegiak eta prestakuntza bateratzen dituen Mentsad programa ezaguna da gurean, halako bi gauzatu dira azken bi urteetan. Gainera, eta SSI taldearen eskutik baita ere, Alkarrekin Eratu proiektua martxan jarri zen iaz. Etxeko zaintza arloan diharduten langileen prestakuntzarako interesa eta beharra badago oraindik Oñatin eta horregatik erabaki du Udalak Grupo SSI kooperatibarekin lankidetzan jarraitzea.

  Hitzarmena adostu da, Olaburu zentroko espazioa eta baliabideen garapena egin eta bertan zaintza arloko prestakuntza programa berria garatzeko, udaberrian, seguruenera. Oñatin etxeko zaintzan dihardutenek lehentasuna izango dute baina aukera eskualdera zabalduko da, aurreko saioetan bezala. Udalak eta Grupo SSI kooperatibaren arteko lankidetza hitzarmenak abenduaren 31ra arteko iraupena izango du baina beste hiru urtez luzatu ahal izango da, bi aldeek hala erabakitzen badute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!