Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak izenpetu duten hitzarmenera atxiki dira herriko lau botikak

2023/02/10
Card image cap
Botiken tratamendua jarraitzeko zailtasuna duten herritarrei laguntzea da helburua

  Abenduko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Udala eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzea. Gerora, herriko lau botikak atxiki dira eta etxez etxeko laguntza jasotzen duten 12 herritar-familiak ere bat egin dute programarekin, orain arte. Izan ere, Ongizate zerbitzuen esku utzi baitu Udalak programaren berri ematea eta interesa dutenen parte hartzea bideratzea.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileen artean botiken erabilera optimizatzeko programa garatzeko hitzarmena da. Herritarrak hartzen duen tratamendu horretan Udala zein farmaziak, bidelagun izatea da helburua, hartzen dituzten botiken jarraipena egiten eta horiek hartzeko bidean laguntzen.

  Farmazia asistentzia modu egokian egitea eta herritarrei bideratutako laguntza osatzea da egitasmoaren helburu bikoitza. Etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duten herritarrek edo familia-ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoa eskuratzen dutenek erabil dezakete zerbitzu hau. Programan parte hartzea borondatezkoa da, baina aipatu etxez etxeko laguntza edo zaintzarako prestazio ekonomikoaren onuradun direla edo gizarte-harrerako zentroetan bizi direla justifikatu behar dute, dagokion erakundearen zigiluaren bidez. Era berean, programaren funtzionamendu-baldintzak onartzen dituztela sinatu behar dute. 12 herritar-familia ari dira programan parte hartzen, une honetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!