Udalak eta Foru Aldundiak gogor gaitzetsi dute asteburuko eraso sexista

2020/07/14
Card image cap
Oñatiko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du 19:00tarako

  Adierazpen instituzional bana kaleratu dute Udalak eta Foru Aldundiak larunbateko eraso sexista gaitzetsi eta hau pairatu zuten emakumeei eta haien ingurukoei babesa adieraziz. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak erasoa jasan duen emakumearen esku jarri dituela adierazten da Izaro Elorza alkateak izenpetzen duen Udalaren adierazpenean.

  Emakumeenganako indarkeria ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza udal adierazpenak zehazten duenez eta halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile jendarte egituraketa patriarkalak ezarritako emakumeen eta gizonen arteko bereizkeria dela eransten du.

  Udalerrian bizi diren pertsona guztien eskubideak bermatzearen ardura udalari dagokiola eta bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea guztion artean bilatu beharra dagoela aipatzen da udalaren adierazpenean. Era berean, herritar guztioi dei egiten zaie indarkeria sexistaren aurkako jarrera irmoa azaldu eta indarkeria horren biktimei laguntasuna adierazteko. Amaitzeko indarkeria matxistarik gabeko herri parekidearen alde egiteko indarrak batu eta elkarlanerako gonbidapena zabaltzen du Udalak.

  Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini dizkio biolentzia kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei. Udalak aho batez adostu duen adierazpenarekin bat egiten du eta halako erasoen oinarriak gizon eta emakumeen berdintasun eza, emakumeak kontrolpean izan nahia eta ideia matxistak  daudela zehazten du foru aldundiaren adierazpenak ere. Egungo pandemia egoeran, foru erakundeak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten.

  Oñatiko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, Erasoen aurrean autodefentsa feminista lemapean. Elkarretaratzea, plazan izango da, 19:00tan. Udalak bat egin du deialdiarekin eta herritarrak mobilizazioan parte hartzera gonbidatzen ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!