Udalak, errenta eta diru bilketa teknikaria hautatzeko deialdia zabaldu du

2015/12/09
Aldi baterako beteko den lanpostura aurkezteko izen ematea abenduaren 28an amaituko da

  Errenta eta diru bilketa teknikari lanpostura aurkeztu ahal izateko, zuzenbidea, ekonomia edo enpresa zientzien lehen hiru ikasmailak gaindituta izan behar dira eta euskarari dagokionean, hirugarren hizkuntza eskakizunaren mailako ezagutza. Lanpostua, oposizio-lehiaketa sistemaz beteko denez, hautagaien lan eskarmentua eta formazio osagarria ere bereziki baloratuko dira. Horregatik, lanpostura aurkezteko eskaera betetzerakoan, nortasun agiria, eskatutako formazio akademikoaren titulazioa eta euskara mailaren egiaztagirien fotokopiekin batera, adierazitako lan esperientzia eta formazio osagarriari dagozkion agiriak presentatu behar dira.

  Lanpostua aldi baterako beteko da, berez, beste zeregin batean eta behin-behineko izaeraz ari den plazaren jabea lanpostura itzuli bitartean.

  Errenta eta diru bilketa teknikariak funtzio ugari ditu: errolda fiskalak eguneratu, hiri katastroan edo jarduera ekonomikoen zergan emandako alta berriak konprobatu eta kitapenak eskatu, bide publikoaren okupazioa likidatu, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga likidatu eta kobratu, landa lurren segregazio eskaerak prestatu eta planoak egin, zerga kitapenen eta errezibo kobraketen aurkako errekurtso eta erreklamazioak kudeatu edota, diru sarreren datak kontrolatu, besteak beste. Funtzio eta zereginen zerrenda, udaleko web orrian gaur argitaratu den lanpostuaren oinarrietan ikusi daiteke. Hartarako iragarkian berriz, eskaerak aurkezteko epea abenduaren 28an amaitzen dela zehazten da. Eskaerak, udal bulegoetan aurkeztu behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!