Udalak, epaitegietara jo du Oñati eta Leintz bailarako gaueko guardia farmazia zerbitzua Arrasaten zentralizatzeko erabakiaren aurka.

2012/02/15
Epaitegietako bidea urratzearen erabakia, osasun sailburuordeari aurkeztutako errekurtsoa ez onartzean hartu da.

  Urte hasieraz geroztik, Oñatiko botikek ez dute betetzen gaueko guardia zerbitzua, Osasun sailburuordetzak hala erabakita, zerbitzu hori Arrasaten zentralizatu delako. Neurriak ez dio Oñatiri bakarrik eragiten, baita Aretxabaleta, Eskoriatza, Aramaio eta Leintz Gatzagari ere. Oñati eta Leintz bailarako gune farmazeutikoa bat-egin baita.

  Oñatiko udala bat-egite horren kontra azaldu da beti. Hala adierazi zen orain pare bat urte EAJ udal gobernuan zegoenean eta hala egin zen baita ere, pasa den udazkenean, BILDU alkatetzan zegoela. Baina azken ahalegin horrek ez du fruiturik eman eta urte hasieraz geroztik, gaueko 10etatik goizeko 9ak arteko guardiako botika zerbitzua Arrasateko farmaziek betetzen dute.

   Baina udala ez dago ados eta epaitegi bidea urratzea erabaki du. Hala, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri da. Errekurtso administratiboa jarri ez ezik, udalaren ordezko izango diren abokatu eta prokuradoreak ere izendatu dira. Otsailaren 6ko data duen alkate dekretuz gauzatu da guztia. Udalbatzari, horren berri datorren asteko osoko bilkuran emango zaio.

  Egun errealitate den Oñati eta Leintz bailarako gune farmazeutikoak batzeko azken prozesua, uda partean abiatu zen. Udalean, abuztuan jaso zen Osasun Sailburuordetzako farmazia zuzendariak bat-egite proposamenaren berri emanez igorri zuen idatzia. Horren kontra ezer adierazi nahi bazen hartarako gonbidapena eginez. Opor garaia zen eta Oñatiko udalak bakarrik erantzun zuen, nahiz eta Aretxabaleta, Eskoriatza, Aramaio eta Leintz Gatzagako udal arduradunak ere, neurriaren kontra zeuden. Hauek, zegokien idatzia egin-egin zuten baina denboraz kanpo.

  Gasteizko arduradunek, idatzi bakarra jaso zutela argudiatuz, gainontzeko udalak zerbitzua zentralizatzearen alde zeudela interpretatu zuen eta 2012a hastearekin batera, gaueko guardiako farmazia zerbitzua zentralizatzearen alde agertu ziren. Eta hala egin da.
Orain, epaitegietara jotzean, udalak, gaueko guardia zerbitzua herrian mantentzeko azken aukera urratu nahi du. Lortuko den ala ez ikusteke dago. Hori bai, epaitegietan auzia luzatuko dela aurre ikusten da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!