Udalak, elur lanetarako lagungarri izango diren pala eta gatza banatzeko gailu berriak erosiko ditu

2015/11/20
Card image cap
Horrela, elurra eta izotzari aurre egiteko ekipoak osatuko dira.

 Udazkena epel eta lehorretik joan bada ere, astebururako tenperatura jaitsiera handia eta prezipitazio ugari iragarri dira. Ondorioz, hilabeteetan ikusi ez dugun elurra bistaratuko da eta ez bakarrik goialdeetan. Biharko elur kota azkar jaitsiko dela diote eguraldi adituek eta arratsalde-gauean, 700-900 metro inguruan kokatuko ei da elur kota. Neguko girorako prestatzea komeni da eta udal mailan, elur lanetarako hainbat gailu erostea onartu berri da.

 Udalak, elurte eta izozte egoeretan herritarrei erantzun egokiena emate aldera, “neguko bide lanen jarduketak koordinatzeko protokoloa” zehaztu zuen orain urte batzuk dela eta eguraldi prebisioek hala iragartzen dutenean  martxan jartzen du.

 Protokolo horren arabera, hiruzpalau udal teknikari izendatuta daude unean uneko beharren arabera dauden baliabide tekniko eta pertsonalak lanean jartzeko.

 Pertsonal aldetik, aipatu tekniko horiezaz gain, udal brigadako langileak eta udalak halakoetarako hitzartuta dituen enpresetako langileak aipatu behar dira. Bai, kale garbitzaileak, bai lorezaintza lanetan aritzen direnak eta baita, auzo bideak garbitzeaz arduratzen diren langileak ere.

 Baliabide material aldetik, udalak pala eta gatza banatzeko gailuz hornituta dauden hainbat ibilgailu ditu. Horietako bat, traktorea. Baina elurra kentzeko traktoreari lotzen zaion pala zaharra da eta gatza banatzeko gailua ere ez da egokiena. Horretxegatik, pala eta gatz banatzaile berria erostea erabaki da.

 Gailu berriek gainera, zerbitzua hobetuko dute, pala zaharrarekin elurra, auzo bideen iskinetan pilatzen baita. Pala berria ekarrita, arazo hori ekiditeko da eta gatza ere modu eraginkorragoan banatzeko aukera izango da.

 Aurrekontuak eskatuta, RODA izeneko enpresari erosiko zaizkio bai elurra kentzeko pala eta baita gatza banatzeko gailua ere. Guztira, ia 16.000 euroko inbertsioa eginez.

 Asteburuan eguraldia nabarmen hoztuko den arren, eta elurra mendietatik behera apur bat jaitsiko den arren, ez dirudi, elurra kentzeko ibilgailuak atera beharko direnik oraindik, baina neurriak aurrez hartzea komeni izaten da beti.

 Gipuzkoako Foru Aldundiak ere pasa den domekaz geroztik gertu du neguko plana.  Prebentzio plan hau apirilaren 15era arte mantenduko du Diputazioak eta Euskal Meteorologia Agentziak mila metrotik behera elurra edo izotza iragartzen duenean aktibatuko da. Foru Aldundiak, 322 profesional prest izango ditu, negualdian, lurraldeko errepideak zaintzeko.

  Giza baliabideekin batera, 80 kamioi, 15 ibilgailu arin eta 10.450 tona gatz prestatu dira errepide sarea zabalik eta egoera onean mantendu ahal izateko.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!