Udalak, ekainaren 8an Aramaion ospatuko den UEMA egunean parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.

2013/05/28
Card image cap
Ospakizunaren haritik argitaratu den berri-papera herriko postontzietara banatuko da aste honetan.

  Aire berria euskarari! lemapean ospatuko da Aramaion aurtengo UEMA eguna, Oñati, udalerri euskaldunen mankomunitateko kide denetik ospatuko den lehena. Kontu egin behar baita, Goizuetan iaz ospatu zenekoan onartu zela Oñatik mankomunitate honetan sartzeko egin zuen eskaera.

  Ekainaren 8an ospatuko da UEMA eguna eta udaletik, bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi zaie oñatiar guztiei. Egun beteko ospakizun egitaraua prestatu dute Aramaion.

  • Goizeko 11.30tan, ospakizunei hasiera emateko kalejira egingo da dantzari eta trikitilariek lagunduta. Goiz osoan zehar haurrentzako puzgarriak, artisau azoka, talogileak eta sagardo salmenta izango dira.
  • 12etan, herri kirol lehia izango da Goizueta eta Aramaioko taldeen artean. Ondoren, UEMA eguneko ekitaldi nagusia egingo da plazan.
  • 14.00etarako herri bazkaria antolatu da. Joateko interesa duenak, txartelak salgai dauzka jada Aramaioko tabernetan edo bestela, erreserba egin dezake honako telefono zenbakira deituta: 946 27 91 95. Txartelak, 18 eurotan saltzen dira. Langabetuentzat, 14 eurotan eta haurrentzat, 10ean. Herri bazkarian, sagardo menua eskainiko da.
  • 16.30tan, Irrien lagunak taldearen eskutik, Ane eta Piratak parrandan ikuskizuna izango da gaztetxoenentzat.
  • 18.30tan, erromeria ZESUMA taldeak alaituta eta gaueko 10etatik aurrera berriz, kontzertuak.

  Egitarau hau eta UEMA mankomunitatearen inguruko beste hainbat informazio jasotzen dituen berri papera argitaratu da eta astean zehar esan bezala, herriko etxe denetara banatuko da.

  Oñati UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateko kide dela adierazten duten kartelak jarri berri dira herriko sarreretan, Ugarkaldeko etxalde inguruan eta BELATXARA gasolindegia pasata saihesbidetik herrigunera dagoen sarrera inguruan. Seinale horietan, OÑATIN EUSKARAZ BIZI GARA irakurri daiteke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!