Udalak, Centro Izan enpresari esleitu dizkio arriskuan dauden adingabeekiko familietan esku hartze programa eta kale heziketa programa.

2012/10/03

  Udalak, lehen berezituta eskaintzen zituen bi prebentzio programa hauek bateratu eta enpresa bakarraren esku uztea erabaki zuen. Programa osagarriak izanik, koordinazioa eta zerbitzua bera hobetzeko helburuarekin. Gaia, ekaineko Osoko Bilkuran onartu zen eta kontratazio deialdia kaleratuta bi eskaintza jaso ziren.

  Enpresek, proposamen ekonomikoaz gain, zegokien proiektua aurkeztu zuten, lanen azalpen memorian erabiliko den lan metodologia, giza baliabideak eta esperientzia azalduz, besteak beste. Guzti hori baloratuta, kontratazio mahaiak prebentzio zerbitzu bikoitza Donostiako Centro Izan enpresari esleitzea erabaki du.

  Enpresak, terapia eta gizarte arloan nahiz kale heziketa arloan lan egingo du. Familiei zuzenduta, terapia arloko eta gizarte eta hezkuntza arloko esku hartze programa landuko da profesionalek gidatuta. Programa hau bereziki, babesgabezia egoeran izateko arriskuan dauden pertsonak dituzten familiei zuzenduko zaie.
Aldi berean, arrisku egoeran dauden aurre-nerabe eta nerabeekin bakarka eta taldeka lan egingo da ingurune ireki batean, kale heziketa programa lantzen.  

  Udalak, kontratazio deialdian, bi programetarako gehienezko prezioak mugatu zituen. Terapia arloko eta gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze programan, banaka nahiz familiarekin izango diren saio terapeutiko eta esku hartze orduen prezioak finkatuz eta kale hezitzaile programan berriz, diru kantitate orokor bat zehaztuz. Jaso ziren bi eskaintzek ordea, gehienezko prezio horien pareko proposamena aurkeztu zuten. Ondorioz, esku-hartze proiektua, enpresaren balioespena eta giza baliabideen balorazioa erabakigarria izan da esleipena Centro Izan-en alde egiteko orduan.

  Udalak, hasiera batetan bi urterako kontratua izenpetuko du enpresarekin,  beste hiru urtez luzatu daitekeelarik. Hori da behintzat kontratazio deialdian zehaztu zena.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!