Udalak, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko eskaera egin du

2015/07/06
Card image cap
Ziurtagiria jasotzeko kanpo-ebaluazio bat gainditu beharko du

  Gaur amaitzen da hain justu ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzari, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko kanpo ebaluazioaren zerbitzua eskatzeko epea. Eskaera egitea ordea ez da nahikoa, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak onartu egin behar baitu. Hala eginez gero, Udalak, erakunde moduan duen hizkuntza egoeraren berri emanez aurre txosten bat aurkeztu beharko du irailaren 20a baino lehen eta udazkenean jada, hartarako propio prestatutako bizpahiru ebaluatzailek kanpo ebaluazioa egingo dute. Oñatira bertara etorri eta behatuz eta elkarrizketa zuzenen bidez Udalak duen hizkuntza egoera egiaztatuko dute ebaluatzaileek.

  Aurrez zehaztuta dagoen baremazio baten arabera, erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo nahiz barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa Udalak nola egiten duen puntuatuko da eta bide batez, hobetzeko zenbait proposamen ere zehaztuko dituzte. Puntuazio horretan, gutxienez, 200 puntu lortuta, oinarrizko mailako Bikain beltza eskuratzen da, gutxienez 400 puntu lortuta, tartekoa edo zilarrezko Bikain ziurtagiria eta 700 puntutik gora, goi maila edo urrezko Bikain ziurtagiria.

  Oñatiko udalak iaz  barne ebaluazioa egin zuen egoera erreala ezagutu eta zuzenketa proposamen batzuk zehazteko. Emaitza positiboa izan zen eta hala, aurten, kanpo ebaluazio hori egin eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko prozesua hasteko erabakia hartu zen. Udalak, urteak daramatza barruko lanak euskaraz egiten eta herritarrekiko harremanetan ere euskara lehenesten. Alde horretatik beraz, ez da aparteko ahaleginik egin behar izan Bikain ziurtagiriak eskatzen dituen gutxienekoak betetzeko. Hortik gora, zein puntuazio lortuko den ikusteke dago. Beti ere, noski, Eusko Jaurlaritzari, eta konkretuki Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzari dagoeneko eskatuta zaion kanpo ebaluazio hori egitea onartzen badu.  

  Inguruan, Arrasateko udalak du 2011az geroztik Urrezko Bikain ziurtagiria, eta herrian, ETEO kooperatibak 2009an, eta Elkar Hezi Ikastetxeak 2012an lortu zuten goren mailako Bikain ziurtagiria. ULMA kooperatibak ere badu, iaztik zilarrezko Bikain ziurtagiria. Oñatiko Udalak lortuko ote duen, urte amaiera aldera jakingo da, prozesuari hasiera ematea oraintxe eskatu baitu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!