Udalak Bidebarrieta kaleko 24an hutsik duen etxebizitza soziala alokairuan emateko deialdia kaleratu du

2017/04/05
Card image cap
Interesatuek maiatzaren 2ra arteko epea dute eskaerak aurkezteko

  Azken osoko bilkuran hartu zen erabakia, une honetan hutsik dagoen Bidebarrieta kaleko 24. zenbakian dagoen lehenengo C etxebizitza errentan emateko prozedura abian jartzea eta horretarako 2011ko martxoan onartu ziren baldintzak aplikatzea. Etxea alokairuan emateko oharra Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu da eta horrekin batera, eskaerak aurkezteko epea ireki da. Interesatuek, eskaerak, maiatzaren 2ra arte udal bulegoetan bete ditzakete.

  Izaera sozialeko etxebizitza batez ari garelarik diru sarrera urriak eta etxe premia dutenei alokatzea da helburua. Alde horretatik ez da hileroko errenta jakin zehazten eta maizterren diru sarreren arabera gerora zehaztuko da ordaindu beharreko alokairua. Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak, erroldatze eta diru sarrerei dagokie. Hala, Oñatin erroldatuta egon eta azken 5 urteetan bertan bizitzea ezinbestekoa da. Horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez dira izan behar. Eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatuko zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa izatea edota desjabetzeko prozesuan egotea kontuan hartuko da.

  Jasotzen diren eskaerak baldintza pleguan finkatuta dagoen baremoaren arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko dio udalak Bidebarrieta kaleko 24-1 C etxebizitza. Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira eta bete beharreko baldintzei buruzko argibideak ere bertan eskuratu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!