Oñatiko udala

Udalak, Bidebarrieta kaleko 24an abuztuan hutsik geratuko den etxebizitza soziala alokairuan emateko deialdia kaleratu du.

2015/02/06
Card image cap
Interesatuek, eskaera aurkezteko, otsailaren 24ra arteko epea dute.

  Azken Osoko Bilkuran hartutako erabakia da. Bidebarrieta kaleko 24an udalak duen etxebizitza sozial baten errendamendu kontratua uztailaren 31an beteko dela eta, egungo maizterrari horren jakinarazpena egin eta berriro alokairura ateratzea erabaki zen. Bidebarrieta kaleko 24an, lehengo solairuko C etxebizitza da udalak alokairura atera berri duena.

  Izaera sozialeko etxebizitzaz ari garenez, diru sarrera urriak eta etxe premia duenari alokatzea da helburua. Alde horretatik, ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterraren diru sarreren arabera zehaztuko da gerora, ordaindu beharko duen alokairua.

  Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak, ohikoak dira: Oñatin  gutxienez azken 5 urtetan erroldatuta egon eta bertan bizitzea ezinbestekoa da eta horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko diru-sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez dira izan behar.

  Baina eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatzen zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa edota, desjabetzeko prozesuan egotea ere kontutan hartuko da.

  Jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan zehaztuta dauden baremo batzuen arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko zaio udalak Bidebarrieta 24an duen 1-C etxebizitza. Hori bai, kontutan hartu behar da, egun bertan bizi diren maizterren kontratua uztailaren 31an amaitzen dela.

  Hala ere, udalak ez du azken ordura arte itxaroten eta dagoeneko zabalik dago etxebizitza sozial hori errentan hartzeko eskaera epe, otsailaren 24ra arte, hain zuzen.

  Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira eta bete beharreko baldintzei buruzko argibideak ere bertan eskuratu daitezke.

  Udalak, berriki, Zubillaga auzoko 38an hutsik dagoen etxebizitza soziala alokairuan eskaini zuen. Hartarako jarritako epean ez zen eskaerarik jaso. Deialdi berri bat egin ala ez, Ongizate Batzordeak datorren astean egingo duen bileran aztertuko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!