Oñatiko udala

Udalak, bi udaltzain berri kontratatuko ditu zerbitzuan sortu diren beharrei aurre egiteko.

2014/10/10
Kontratazioa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren bitartez egingo da.

  Asteartean gertatu zen istripu larriak hiru udaltzainen aldi baterako baja eragin du. Zerbitzuko beste langile batzuk, aurretik bajan zeudela edo lanaldi murrizketa baimena zutela kontutan hartuta, Udaltzaingoan, lana pilatu egin da. Zerbitzu barruan birmoldaketa edo egokitze txiki bat egin den arren, bi udaltzain berri kontratatu beharra ikusi da. Eta halaxe onartu zen atzoko tokiko gobernu batzarrean.

  Kontratazio hori egiteko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak zuen lan poltsara joko da.

  Gogoratu Udalak eta Polizia akademiak lankidetza hitzarmena sinatu zutela orain hilabete gutxi dela, halako beharrei aurre egin ahal izateko. Hala, Akademiaren ardurapean uzten zen udaltzain lanpostua aldi baterako bete ahal izango luketen hautagaiei probak egin eta lan poltsa eratzea.

  Udala, Polizia eta Larrialdietako Akademiako arduradunekin harremanetan jarriko da lan poltsa horretan Oñatiko beharretara egokitzen diren hautagaiak identifikatu eta proposatu ditzaten.

  Orain hilabete gutxi osatu zen udaltzain-gaien lan poltsa bat egina izateak, kontratazioa arinduko du. Kontu egin behar baita, zerbitzuan dauden hutsuneak lehenbailehen betetzea komeni dela. Udaltzain berriak, urriaren 20an jada lanean hastea nahi du udalak.

  Udaltzain berriak bitarteko funtzionario gisa kontratatuko dira eta zerbitzuan egun dauden hutsuneak bete bitartean arituko dira Oñatin lanean. 

  Bide batez, esan, asteartean, kamioi batek harrapatuta larri zauritu zen udaltzaina, dagoeneko zaintza berezien unitatetik atera dutela. Donostiako ospitalean ingresatuta jarraitzen du baina ohiko gela batean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!