Oñatiko udala

Udalak bete asmo dituen bi lanpostuetarako azterketaldiak hastear daude

2019/07/12
Card image cap
Informatika laguntzaile posturako azterketa teoriko-praktikoa uztailaren 17an egingo da eta kiroldegiko mantenu teknikari plazarako lehen ariketa, hilaren 23an

  Informatika laguntzaile lanpostua lehenbailehen betetzeko beharra dauka udalak. Plaza aldi baterako beteko da gainera, eta horrek, hautaketa prozesua arintzea ahalbideratzen du. Proba teoriko-praktiko bakarra egingo da azterketaldian eta datorren asteazkenean, hilaren 17an izango da. Froga, udaletxean egingo da, 12:00tan.

  Informatika laguntzaile postua betetzeko oposizioaldian azterketa bakar hori eginda, hautagaiek egiaztatutako formazio osagarria eta lan esperientzia baloratuko dira lehiaketa fasean. Lau hautagai aurkeztu ziren informatika laguntzaile lanposturako baina bat hautaketa prozesutik kanpo utzi zen, eskatutako euskara maila agiri bidez ez egiaztatzeagatik. Beraz, datorren asteazkenean, hiru hautagaik izango dute proba teoriko-paktikoa osatzeko aukera.

  Hautagai gehiago dira kiroldegiko mantenu teknikari plazarako onartu direnak, 13 hain zuzen ere. Gaur argitaratu da onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda, eta bide batez, lehenengo azterketarako deialdia. Udal plantillan hutsik dagoen kiroldegiko mantenu teknikari plaza betetzeko deialdira 17 hautagai presentatu ziren baina lau baztertu egin dira, deialdian eskatutako titulazioa ez akreditatzeagatik edo gida baimena ez aurkezteagatik. Onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda udaletxeko iragarki taulan eta web orrian ikusi daiteke. Honen kontrako erreklamazioa egin edo aurkeztu ez den dokumentazioa presentatzeko 10 eguneko epea dago.

  Erreklamazioetarako epea bete eta hurrengo egunean hasiko da oposizio aldia. Uztailaren 23an izango da lehen azterketa; deialdiarekin batera argitaratu zen gai komunei buruzko azterketa izango da. Administrazio publikoa, legedia eta datuen babesari buruzko azterketa hau euskaltegian egingo da, 11:00tan hasita.

  Kiroldegiko mantenu teknikari plaza betetzeko azterketaldian beste bizpahiru ariketa gainditu beharko dituzte hautagaiek: bete beharreko lanei dagozkien azterketa teorikoa eta praktikoa, eta eskatzen den 2. euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek egin beharko duten hizkuntza azterketa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!