Udalak bat egin du Pirinioetako Bidea egitasmoarekin
Herrien autodeterminazio eskubidearen alde Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatuko dira larunbatean, uztailaren 2an. Farol bereziak eta linternak baliatuz argi lerro bat osatuko da Euskal Herria eta Katalunia lotuz. Pirinioetako Bidea deritzon ekimena Gure Eskuk eta Kataluniako ANCk antolatu dute eta hainbat herritarren atxikimendua lortu du jada. Zenbait erakundek ere bat egin dute ekimenarekin, tartean, Oñatiko Udalak, gobernu taldeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Oñatiarrak, Antzuola, Bergara eta Elgetarekin batera, Baigorriko Buztanzelai mendia argiztatzera gonbidatu ditu antolakuntzak eta horretarako erabiliko den argi faroletako bat Oñatiko Udalak erositakoa izango da.
Buztanzelaira iristeko Izpegiko gainetik abiatzea proposatzen da eta antolatzaileen web gunetik deskargatu daiteke tontorrera iristeko tracka. Izpegiko gainean dagoen aparkalekuan, arratsaldeko 18.00etan geratzeko hitzordua zabaldu du Gure Esku Dagok. Parte hartzeko izena eman behar da ekimenaren web orrian sartuta.
Segurtasun arrazoiak direla medio, Pirinioetako Bidea erronkarako aukeratutako tontorrak bi multzotan sailkatu dira. Alde batetik, gailur berde edo irisgarrien multzoa. Tontorren multzo horretan, izen ematea librea da, eta parte hartzaile bakoitzak gailurra aukeratu dezake baina antolakuntzak gailurrak eskualdeka banatzea proposatzen du, aukeratutako puntu guztietan jendea egongo dela ziurtatu eta banaketa egokia izan dadin. Oñatiarrak, esan bezala, Baigorriko Buztanzelai mendia argiztatzera gonbidatzen dira. Linterna frontalak eta eskukoak eramatea eskatzen da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!