Udalak antolatzen dituen udalekuetan begirale izateko oinarriak argitaratu dira

2024/02/29
Card image cap
Begiralegaien eta haurren izen-ematea astelehenean irekiko da, martxoaren 15era arte

  Udalak antolatuta, ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo diren Udaleku irekiak eta Arte udalekuak. Bi ekintzetarako begiraleak kontratatzeko oinarriak onartu eta argitaratu ditu Udalak, eta interesatuek izena emateko aukera dute astelehenetik martxoaren 15era arte.

  Udaleku irekietan begirale aritzeko, 16 urte beteta izan behar dira, eskola-graduatua edo parekoaren jabe izatea eta 2. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eskatzen da. Arte udalekuetarako, Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gaindituta izatea eta 3. hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza izatea eskatzen da. Bi kasuetan, gainera, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da. Bete beharreko oinarrizko baldintzez gain, formazio akademiko osagarria, aisialdiko monitore titulazioa, eskatutakoaren gainetik dagoen euskara maila ziurtatzea eta lan esperientzia baloratu egingo dira. Informazioa, udaleko web atarian zintzilikatuta dago. Begirale izateko eskaerak udaleko zerbitzu telematikoen bidez egin daitezke edo aurrez aurre, HAZ bulegora joanda.

  Udal bulegoetan edo web atarian eskuratu daitekeen eskaera eredua betetzerakoan kontrakorik adierazten ez bada, udalaren esku utziko da nortasun agiria, eskatzen diren titulu ofizialak, hizkuntza eskakizunak, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa eta lan bizitza egiaztatzea. Baimen hori ematen ez dutenek hala adierazi beharko dute eskaera orrian eta agiriak aurkeztu beharko dituzte. Merituen atalean azaltzen direnak ere agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautagai guztiek.

  Udaleku irekietarako hautatutakoek ekainaren 8an eta 15ean egingo diren prestakuntza saioetara joan beharko dute eta arte udalekuetan arituko direnek ere prestakuntza eta balorazio bilerak izango dituzte. Horien ordaina kontratuan sartuko da. Izan ere, Udalak hilabete inguruko lan kontratua egingo baitie hautatutako begiraleei.

  Astlehenean, martxoak 4, udaleku irekietan eta arte udalekuetan begirale gisa aritu nahi dutenentzat izen-ematea ez ezik, haurren izen-ematea ere irekiko da. Udaleku irekiak 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, arte udalekuetan, berriz,LH3tik hasi eta DBH3 mailara artekoek parte hartu dezakete. Bi kasuetan izen-ematea online egin beharko da, udaleko web ataritik eta horretarako, aurrez, matrikula ordaindu beharko da, agiria eta izena eman nahi den haurraren arduradun baten nortasun agiriaren kopia eskaerari erantsi beharko zaiolako. Arte udalekuen ezaugarriak direla eta plazak mugatuak dira eta izen-ematea amaituta zozketa egingo da, beharra badago. Plaza lortzen ez duenak udaleku irekietan parte hartu ahal izango du. Bi udaleku hauek goizeko ekintzak dira, 10:00etatik 13:00era izango dira, ekainaren 24tik uztailaren 19ra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!