Udalak antolatutako udako aisialdi ekintzetan begirale izateko hautagaien zerrendak argitaratu dira

Jakina zen jada arte udalekuetan begirale izateko aurkeztu ziren bost lagunak kontratatuko dituela udalak, egiaztatutako merituen behin behineko puntuaketa kaleratu zenean adierazi baitzen. Esperientzia, formazioa eta bestelako merituak kontutan hartuta osatu den behin betiko puntuaketa eta horren araberako hurrenkera zerrenda gaur argitaratu da udalek web atarian.
Era berean, ikusgai daude jada uda kanpainan nahiz udaleku irekietan begirale izateko izena eman eta onartu eta baztertu diren hautagaien behin behineko zerrendak. Baztertu direnek maiatzaren 3ra arteko epea izango dute erreklamazioak aurkeztu edo eskatzen zaien dokumentazio osagarria presentatzeko. Euskara froga egin behar duten hautagaiak ere identifikatu dira aipatu zerrendetan. Asteazkenean aurreratu genizuen bezala, astelehenean egingo baita begirale lanposturako eskatutako C1 maila egiaztatzeko euskara azterketa.
Udaleku irakietan eta uda kanpainan begirale gisa aritzeko C1, EGA edo 3.hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza eskatu zuen Udalak baina aurkeztu diren hautagaietatik 48k ez dute egiaztagiri ofizialik. Maila badutela erakusteko aukera eskainiko zaie astelehenean Gaztelekuan egingo den euskara froga gaindituta. Azterketa egiteko bi ordu aukera eman dira, 9:30tan edo 15:00tan, norberak ahal duenean egiteko tartea hartu dezan.
Guztira 177 hautagai aurkeztu dira udalak antolatutako udako aisialdi programetan begirale izateko: 155 udaleku irekietarako eta 22 kirol kanpainarako. Baina 11 hautagai baztertu egin dira, behin behinean, eskaera guztiz ez betetzeagatik edo sinatu gabe aurkezteagatik. Hutsegite horiek osatzeko maiatzaren 3ra arteko epea izango dute.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!