Oñatiko udala

Udalak, aldi-baterako kontratatuko duen igeltserotzako ofiziala aukeratzeko sistema aldatu du.

2013/03/16
Hautagaien meritoak baloratuko dira lehenik eta puntuazio altuena lortzen dutenei soilik egingo zaie proba praktikoa. Lanpostu deialdia, Aste Santuko egunen bueltan egingo da.

  Otsaila amaieran jada aurreratu genizuen, udalak, aldi baterako izaeraz igeltserotzako ofiziala kontratatuko duela, udal brigadaren funtzionamendurako guztiz beharrezkoa dela argudiatuta. Hasiera batetan, deialdira aurkezten ziren hautagaiei proba praktikoa egin eta ondoren merituak baloratzea aurre ikusi bazen, alderantziz egitea erabaki da orain. Hau da, meritoen balorazioa lehenik eta azterketa praktikoa ondoren baina puntuaziorik altuena duten hautagaiei soilik. Horrela, hautaketa arindu nahi da.

  Lanposturako deialdia, Aste Santuko egunen bueltan egingo da seguruenik. Deialdia, nahikoa bide mugatutik egingo da. Aldi baterako kontratazioa denez ez dago Gipuzkoako aldizkari ofizialera bidali beharrik. Lanpostu eskaintzaren iragarkia udalaren webgunean argitaratuko da eta prentsara bidalitako oharraz jakinaraziko da.

  Igeltserotzako ofizialaren ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale-plazetan konponketa-eta mantentze-lanak egitea izango da. Hala, bere egitekoak izango dira, kale-plazak mantentzeko igeltserotza lanak, Udalaren eraikinak kontserbatzeko eta mantentzeko lanak egitea edota hiri-altzariak, eserlekuak, oztopo-zutoinak, trafiko-seinaleak jartzea, besteak beste.
Lanpostura aurkeztu ahal izateko, eskola graduatua, LHI igeltserotzan edo baliokidea den titulazioa izatea eskatzen da, euskarari dagokionean, 2. hizkuntza eskakizunaren maila izatea eta B gida baimena.

  Meritoen atalean, antzerako lan eta ofizial kategorian izandako esperientzia baloratuko da. Arlo honetan puntuaziorik altuena lortzen duten hautagaiei ariketa praktiko bat egingo zaie, aukeraketa osatuz.

Udal kontratazio kontuekin jarraituz, esan bestalde, M. Arrazola Errasti kontratatuko dela nekazal teknikari lanetarako. Lanbiderekin elkarlanean egin zen deialdira 7 hautagai aurkeztu ziren eta egin zitzaien elkarrizketaren ondoren, M. Arrazola oñatiarrak lortu zuen puntuaziorik altuena. 3 eguneko epea izan da zuzenketak eskatzeko eta halakorik aurkeztu ez denez, epaimahaiaren proposamena ontzat eman da. Apirilaren 2an hasiko da lanean nekazal teknikari berria. 6 hilabeteko kontratua egingo zaio.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!