Udalak, 60.000 euroko diru laguntza eskuratu du kanpo argiteria publikoa eraberritzeko iaz egin zituen lanetarako.

2014/03/28

  Iazko urte akaberan, herri guneko hainbat lekutan eta industrialdeetan kanpo argiteriaren zati bat berritu zen. Guztira, 166 argiontzi aldatu ziren, LED argi sistema duten berriak jarriz eta hauek beharraren arabera erregulatzeko aukera ematen duen sistema adimenduna ere instalatu zen. Lanek, 136 mila euroko kostua izan zuten.

  Inbertsioari aurre egin ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza eskatu zen. Eskaera konkretuki, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketa Departamentuari egin zaio. Orain, erantzuna jaso da eta kanpo argiteria publikoa eraberritzeko Oñatiko udalari 60.000 euroko diru laguntza onartu dela jakinarazi da. Diru laguntza, Tokiko Agenda 21etako ekintza planak gauzatzea bultzatzeko xedez eman dela ere zehazten da.

  Foru Aldundiak jakinarazi berri den diru laguntzak udalak egindako inbertsioaren %44a estaltzen du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!