Oñatiko udala

Udalak 21 plaza beteko ditu enplegua egonkortzeko salbuespeneko deialdian

2023/01/04
Card image cap
15 lanpostu lehiaketa bidez beteko ditu eta 6 oposizio-lehiaketa sistemaz

  Oñatiko udalak 21 plaza beteko ditu administrazio publikoan behin behinekotasuna murrizteko enplegua egonkortze prozesuaren baitan. Udaleko langileen komitearekin negoziatzen aritu eta gero, plaza bakoitzari dagozkion zereginak, baloratuko diren meritoen puntuazioa eta deialdien ezaugarriak zehaztu dira eta abenduaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.

  Formazio osagarria, lan esperientzia eta bestelako merituz beteko diren lanpostuak 15 izango dira: udaltzaina, idazkaritzako administrazio orokorreko teknikaria, euskara teknikaria, partaidetza eta garapen komunitarioko teknikaria, berdintasun teknikaria, kultur sustatzailea, teknologia eta informazio gizarteko teknikaria, gizarte langilea, informatika teknikaria eta informatika laguntzailea, igeltserotzako peoia, kiroldegiko harrelaria, argiteriako ofiziala, kultur administraria eta hirigintza administraria. Udaltzain lanpostua betetzeko epai mahaia Oñatiko udalak osatuko du beste hamalau lanpostuetarako Foru Aldundia ardurapean osatuko da. Horregatik, enplegua egonkortzeko salbuespeneko deialdietan iragarkiak ere berezitu egin dira.

  Oposizio-lehiaketa bidez beste sei plaza beteko ditu Udalak: gizarte langilea, administraria, brigadako peoia eta bi peoi gidari eta kale garbiketa peoia. Kasu honetan hautagaiek azterketaldia gainditu beharko dute eta, horrezaz gain, esperientzia eta formazio osagarriaz baloratuko zaie. Hautaketa prozesua bereiztea enplegua egonkortzeko dekretuak berak zehazten du: 2016a baino lehen sortutako plazak meritu lehiaketaz osatu behar dira eta 2018, 2019 edo 2020an sortutakoak, lehiaketa-oposizio sistemaz.

  Lanpostuetarako deialdiak eta xehetasunak publiko egin dira jada, Gipuzkoako aldizkari ofizialean abenduaren 30ean argitaratu baitziren iragarkiak, baina horrek ez du esanahi hautaketa prozesuak berehalakoan burutuko direnik. Bi urte daude aipatutako plaza guztiak betetzeko, hau da, 2024ko abenduaren 31era arte. Udalaren asmoa, dena den, meritu lehiaketaz beteko diren 15 plazak aurten bertan osatzea da eta gainontzeko seiak, 2024an zehar. Horretarako deialdiak Estatuko Boletin Ofizialean argitaratzen joango dira eta horren arabera irekiko dira hautagaientzako izen-emate epeak.

  Abenduaren 30eko Gipuzkoako boletinean bestalde, 2022ko lan eskaintza publikoa ere argitaratu zuen Udalak. Barne promozioz, brigada eta herri lanen arduradun lanpostua bete asmo da, eta txanda librean, administrazio orokorreko teknikari eta administrari laguntzaile plaza bana, udaltzaina, kale garbiketako peoi eta peoi gidaria eta brigadako pioi gidaria ere bai.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!