Udala-Mondragon Unibertsitatea eta Antixenako eraikina okupatu duten gazteen arteko lehen bilera egin da gaur goizean.

2012/09/07
Segurtasun aldetik erantzukizunaren gaia lehenbailehen konpontzea adostu dute.

  Goizeko lehen orduan udaletxean bertan hiru aldeek egin duten bileran giro ona eta jarrera irekia nagusitu dira. Inork ez du okupazioa indarkeriaz  bukatzerik nahi. Egun eraikinaren arduradun den unibertsitateak ez du gazteen kontra joan nahi eta ez du salaketarik jarri. Baina okupatutako etxean gerta litekeenaren erantzule ere ez du egin nahi. Horretxegatik, erantzukizunaren auzia lehenbailehen konpontzea adostu dute hiru aldeek.
Mondragon Unibertsitateak lur publikoan jasotako eraikinaren erabilera udalaren eskura itzuli zedin, bi erakundeak harremanetan zeuden. Baina  zentzu horretan adostasuna lortu bitartean eta gazteek okupatu duten eraikinaren segurtasun erantzukizuna konpondu behar da. Behin behineko hitzarmen bat egin litekeela ikusi da. Dauden aukera ezberdinak aztertuko dira eta printzipioz, erantzukizuna gazteek beraiek hartzea litzateke zentzuzkoena, eta gazteak ere gertu leudekeela esan dute baina hala izateko aukera ez balego, udala prest legoke erantzukizun hori hartzeko. Unibertsitateak, esan bezala, garbi utzi du bileran erantzule izateari uko egiten diola.

  Bilera amaituta udal ordezkariak abokatuarekin egon dira eta hitzarmen formula ezberdinak badaudela jakinarazi die. Erantzukizun arazoa bideratzeko aukeren inguruan txostena egingo du. Txostena eskuratu bezain pronto udalak Mondragon Unibertsitateko ordezkariei eta gazteei helaraziko die aztertu dezaten.

  Gaia, lehenbailehen konpondu asmo da. Bilera berri baterako eguna ez da finkatu baina datorren aste hasieran edo egitea posible dela esan digu Iosu Lizarralde zinegotziak. Unibertsitateak erantzukizunaren auzia argitzeko presa dauka eta ondorioz, barneko erabaki organoak lehenbailehen biltzea espero da. Gobernu taldeak ere gaiari lehentasuna eman dio.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!