Oñatiko udala

Udala eta Araotz auzoaren arteko hitzarmena berrituko da, eskola ostatu bihurtzeko lanak guztiz osatzeko

2020/04/20
Card image cap
Hitzarmenaren baldintzak eta alde bakoitzaren betebeharrak eguneratu dira

  Iazko urtarrileko Osoko Bilkuran adostu zen Udala eta Araotz auzoaren arteko hitzarmena, neska eskola ostatu bihurtzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektuaren bigarren eta azken faseko lanak esleitu berri direnean, hasierako hitzarmena eguneratzea erabaki da.

  Hitzarmenak lanen finantzaketa, eraikinaren lagapena eta horren arabera aldeek dituzten ardurak jasotzen dira, besteak beste. Araotzeko auzoak udalari eraikinaren lagapena doan emango dio 10 urtetarako. Behin egokitze lanak amaituta, udala arduratuko da, taberna-denda, ostatua eta landa apartamentuak ustiatzeko, kudeatzeko eta mantentzeko lehiaketa egiteaz. Udalak, eraikinaren lagapena duen bitartean, mantenu arruntaren ardura izango du eta gainontzeko mantenu lanak araoztarren ardurapean geratuko dira. Behin 10 urteko lagapena amaitu ondoren, eraikina auzoari itzuliko dio udalak, baina auzoak ezin izango du eraikina saldu, gutxienez, 20 urtetan, hau da, lanak amortizatu bitartean, eta eraikinaren erabilera hitzarmen markoak zehaztutako helburuei lotuta egon beharko da urte horietan guztietan.

  Udalak eta Araotzeko auzoak berritzen duten hitzarmenean bestalde, neska eskola ostatu gisa egokitzeko lanen finantzazioa ere zehazten da. Lanek, guztira, 667.876,84 euroko aurrekontua dute. Jasotako dirulaguntza 351.841,33 euro dela kontuan hartuta, gainontzeko 316.035,50 euroak udalak eta auzoak erdibana finantzatuko dute, hau da, 158 mila eurona jarriko dituzte.

  Lehen eta bigarren faseko lanen kostuan ez dira sartu ostatuaren barne ekipamendua. Hau da, sukalde, jatetxe, taberna eta logelen ekipamendua. 2018ko martxoaren 7ko aurreko azterketak deritzon dokumentuan horniduren gutxi gorabeherako aurrekontua zehaztu zen: 82.280 euro. Kasu honetan ere, dirulaguntzaren bat jasoko balitz hori kenduta ordaintzeko geratzen dena erdi bana ordaindu beharko dute Udalak eta auzoak, eguneratu den hitzarmenaren arabera.

  Apirilaren 2an egin zen Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen lankidetza hitzarmena hil akaberan egingo den Osoko Bilkuran proposatuko da, Udalbatzak onartu dezan, iazko urtarrilean egin zen bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!