Udal zerga ordenantzan hainbat aldaketa egitearen inguruko informazioa emango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

2015/02/19
Erabakia, datorren asteko Osoko Bilkuran hartuko da.

  Hiru dira konkretuki, ogasuna batzordetik proposatzen diren zerga ordenantza aldaketak: erabateko konpostegileei zabor tasan aplikatzen zaien % 25aren hobaria kendu eta diru laguntza moduan ematea; garabi tasa berria sortzea eta lurpeko aparkalekuen prezio publikoetan ikusi diren hainbat akats zuzentzea.

  Udal zerga ordenantza erabakitzea Osoko Bilkurari dagokionean, aipatu aldaketen berri emango da gaurko tokiko gobernu batzarrean baina ez da erabakirik hartuko. Udal gobernu taldeak ondo baderitzo, aldaketa proposamen horiek datorren asteko Osoko Bilkuran aztertuko dira eta erabakia, Udalbatzak hartuko du.

  San Martin auzoan, haur parkearen inguruan, estalpea eraikitzea da gaurko bileran eztabaidatuko den gaietako bat. Eta kasu honetan bai, erabakia hartzea udal gobernu taldeari dagokio. San Martin auzoko haur parkean dauden hainbat jesarleku estalpe baten bidez babestuko dira. Ugarkaldeko haur parkean egin zen bezala, eguzkiak gogor jotzen duenerako edo euria egiten duenerako, estalpea egingo da baina haur parkea bera, aire librean, gaur dagoen moduan mantenduko da.

  Udaletxean berokuntza sistema ezartzeko azterketa edota Bidaurreta Dorre honetan argindar eta telekomunikazio sareak berritzea ere aztertu eta erabakiko da gobernu taldearen gaurko bileran.

  Osatu den 14 gaiko lan zerrendan, Debagoieneko Mankomunitatearen estatutu aldaketa eta udaltzaingoan errefortzu programa ezarri eta horri dagozkion izendapenak egitea ere jaso da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!