Oñatiko udala

Udal zerga eta tasek %4ko igoera orokorra izango dute datorren urtean

2023/10/27
Card image cap
EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren abstentzioz onartu zen 2024ko zerga ordenantza

  Irizpide orokor bezala, %4 jasoko dira udal zerga eta tasak datorren urtean. Ogasuna batzordeburu Xabier Igartuak adierazi zuen igoera beharrezkoa dela kalitatezko zerbitzu publikoak eta egoera zaurgarria dauden herritarrei laguntzen jarraitu ahal izateko. Igartuak azaldu zuen KPIak %3,6ko igoera izan duela azken urtean baina iaz ez ohiko % 10a izan zela, eta orduan bezala, oraingoan ere udal tasa eta zergak %4 jasotzea proposatu dutela.

  Baina % 4ko igoera orokor horrezaz gain, Udalak hainbat doikuntza eta zehaztapen egin ditu ordenantza fiskalean, besteak beste CO2 isuri baxuak dituzten ibilgailuei aplikatzen zaizkien hobarietan, hutsik dauden etxebizitzei aplikatzen zaien errekarguetan edota udal areto batzuen alokairuan. EAJk egindako proposamenaren haritik tokiko merkataritzari laguntzeko neurri gisa, negozio berrien eraikuntzarako % 95eko hobaria aplikatzea jasoko da 2024ko zerga ordenantzatan baina birgaitzetarako lehendik aurreikusita dagoen % 75eko hobaria bere horretan mantenduko da. Jeltzaleek bi kontzeptuak parekatu eta %90eko hobari orokorra aplikatzea proposatu zuten.

  Ez zen hori jeltzaleek egindako proposamen bakarra: etxebizitza hutsei aplikatu ohi zaien %100eko errekargoa kentzea; alokairu pribatuei %50eko hobaria aplikatzea, Alokabide-ren bidez egiten direnei bezalaxe; kiroldegiko tasetan gazteen adin muga 22 urtetik 25era jasotzea eta Txandakako aparkaleku guneetan dohainik aparkatzeko denbora 2 ordura luzatzea ere eskatu zuen EAJren udal taldeak.

  Hutsik dauden etxebizitzen errekargoak sortu zuen eztabaidarik handiena atzoko Osoko Bilkuran. Jeltzaleen ustez alokairu merkatuan eragiteko helburua ez du betetzen errekargoak eta ondorioz, neurri zigotzailea besterik ez da. Etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eraginkorra gertatzen ari dela erantzun zuten gobernu taldeko kideek, salgai dauden etxebizitzen merkatua mugitu arazi duela azalduz.

  Bozkatzerakoan, EAJ abstenitu egin zen eta horren azalpena eman zuen Amaia Erostarbe bozeramaleak. Azken bi urteetako KPIa gogoan %4a jasotzearekin ados zeudela eta, legealdiko lehen urtean, elkarlanerako prestutasuna azaldu zuen baina tokiko merkataritzari laguntzeko proposatutako hobariak bere horretan ez onartu izanak bereziki harritu zituela azpimarratu zuen.

  Atzo gehiengoz onartu ziren 2024ko udal ordenantza fiskalen iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako aldizkari ofizialean. Onespena behin behinekoa da oraingoz, eta dokumentazioa ikusi eta erreklamazioetarako 30 laneguneko epea ireki da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!