Oñatiko udala

Udal zerga eta tasek %1,74ko igoera izango dute datorren urtean.

2013/10/17
Card image cap
Hori da 2014ko ordenantza fiskalak zehazteko eman den irizpide nagusia. Udal ordenantza fiskal hauek hilaren 31n egingo den Osoko Bilkuran aztertuko dira.

  Bizi dugun egoera ekonomiko zaila ikusita aurten udal tasa eta zergak ez igotzea erabaki bazen ere, ez da berdin gertatuko datorren urtera begira. Udal gobernu taldeak, KPIaren maila bereko igoera aplikatzea erabaki baitzuen, hau da, ehuneko 1,74a igotzea erabaki baitzuen. Kontsumo prezioen indize hori abuztutik abuzturakoa da, hau da, 2012ko abuztutik 2013ko abuztura izan den indizea.

  KPIaren igoera aplikatzea irizpide nagusia eta orokorra izango da. Printzipioz, udal tasa eta zerga guztiei aplikatuko zaie. Beti izaten dira  ordea, irizpide nagusi horretatik kanpo geratzen diren tasak. Udalak bereziki babestu edo sustatu nahi dituen jarduerei dagozkienak gutxiago garestitzen dira. Beste kasu batzuetan berriz, gastuak eta sarrerak parekatu beharraren ondorioz, edota tarifak berdintzeko beharrak hala eraginda, igoera handiagoa izaten da.  

  Udal departamendu ezberdinak zuzenean dagozkien tasen azterketa egiten ari dira, gobernu taldeak erabaki duen irizpide nagusi hori nola aplikatu ikusten. Udal ordenantza fiskalen errebisio eta eztabaida horrek dena den, epe muga dauka. Urriaren 31n egingo den Osoko Bilkurarako 2014ko  udal ordenantza fiskalen proposamenak gertu egon beharko du. Aurrez gainera, ogasuna batzordean aztertu beharko da eta honen diktamenaz, tokiko gobernu batzarrean ere bai.

  Udal ordenantza fiskalen gaia urriko Osoko Bilkuran ohiko gaia da, urtarrilaren 1ean indarrean sartu ahal izateko, aurrez bete beharreko tramite epeek beranduenera urrian onartzea eskatzen baitu. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!