Oñatiko udala

Udal zerbitzuen inguruan herritarren iritzia jasotzeko inkesta abiatu du, udaleko herritarren asebetetze taldeak.

2013/01/04
Urtarrileko Kontzejupetik aldizkariarekin batera banatzen ari den inkesta betetzea eskatzen zaie herritarrei.

  Udaleko zenbait langilek osatzen dute herritarren asebetetze taldea. Honen helburua, udal zerbitzuak hobetzeko proposamenak egitea da. Baina horretarako oinarrizko informazioa behar du, alegia, herritarrek erabiltzen dituzten udal zerbitzu horiekiko duten iritzia ezagutu behar du. Iritzia ezagutu, kexaren bat badute, hori jaso eta hobetzeko iradokizun edo proposamenak.

  Oinarrizko informazio hori eskuratze aldera, udal zerbitzuen inguruko oinarrizko inkesta bat osatu da. Orrialde bakarreko galdeketa da. Lehen atalean, erabiltzen dituen udal zerbitzuak baloratzea eskatzen zaio herritarrari. 1etik 5era, udaleko 11 zerbitzu baloratzea eskatzen da.

  Ondoren, eta udal zerbitzuen inguruan, kexaren bat, iradokizunen bat edo hobetzeko proposamenen bat egin nahi badu, horretarako aukera ematen da.

  Azken balorazio taula berriz, zehatzagoa da eta aipatutako 11 udal zerbitzuetako bat soilik hartuta, zerbitzu hori baloratzea eskatzen da. Asebetetze maila neurtzeko aldagaiak: udal langileen emandako laguntza, inplikazioa, telefono arreta, ordutegia, azkartasuna eta abar dira.

  Azken atal hau, esan bezala, herritarrak aukeratzen duen udal zerbitzu bakar bati buruzkoa izango da. Gehiago erabili eta horiek baloratu nahi baditu, behar adina inkesta orri eskuratuko ditu udaletxean bertan, kultur etxean edota gainontzeko udal eraikinetan. Izan ere, udal zerbitzuen inguruan herritarren asebetetze maila neurtzeko inkesta hauek, oraintxe banatzen ari diren urtarrileko Kontzejupetik aldizkariarekin batera jasoko da, baina ale gehiago nahi dituenak, esan bezala, udal eraikinetan eskuratuko ditu.

  Eta behin beteta ere, inkestak, udal eraikin horietan izango diren kutxetan uztea eskatzen da. Udal zerbitzuen inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko inkesta hauek bete eta entregatzeko epea, otsaila amaierara arte izango da.

  Jasotako iradokizun eta eskaerak, herritarrenganako zerbitzua hobetzeko oinarrizko informazioa izango da.
Datozen hilabeteetan, kiroldegian eta kultur etxean, antzerako inkestak egiteko asmoa dago. Kasu horretan, galdeketa zehatzagoa izango da eta zerbitzura doazen erabiltzaileei zuzenduta egongo da.

  Urtarrila eta otsaila artean egingo den hau, udal zerbitzuen inguruan eta orokorrean, herritarrek duten iritzia jasotzeko oinarrizko inkesta da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!