Oñatiko udala

Udal plantillan hutsik dauden argiteriako ofizial eta igeltserotzako peoi eta ofizial lanpostuak betetzeko iragarkia gaur argitaratu da Estatuko aldizkari ofizialean.

2012/07/20
Bihar irekiko da izen emate epea eta abuztuaren 9ra arte luzatuko da.

  Ekaineko Osoko Bilkuran erabaki zen aurtengo lan eskaintza publikoan jasota zeuden hiru   lanpostu hauek kaleratzea. Lanpostuetarako oinarriak eta baldintzak onartuta, iragarkia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu zen lehenik, eta izen ematea irekitzeko, estatuko boletinean, BOEn, gaur kaleratu da. Bihartik aurrera, 20 eguneko epea izango da udal brigada osatuko duten hiru lanpostu hauetara presentatu ahal izateko. Hau da, bihar hasi eta abuztuaren 9ra arte.

  Lanpostu hauetara aurkezteko, formazioari dagokionez, eskola graduatua, lanbide heziketa 1 edo  baliokidea izatea eskatzen da, argiteria ofizial kasuan lanbide heziketa elektrizitate arloan egina izatea eskatzen da eta igeltserotzako peoi eta ofizial lanpostuetan, noski, igeltserotza arloan.

  B motako gida baimena izatea derrigorrezkoa da eta euskarari dagokionean berriz, 2. hizkuntza eskakizunaren maila izatea.

  Lanpostua oposizio lehiaketa sistemaz beteko denez, hautagaien formazio osagarria eta lan eskarmentua ere baloratuko dira.

  Bete beharreko lanei dagokienean bestalde, argiteria ofizialak, udalerriko argiteria publikoaren diseinua, instalazioa eta instalazioen mantentze lana egin beharko du nagusiki eta igeltserotzako peoi eta ofizialak berriz, udal eraikinetan eta kale-plazetan konponketa eta mantentze lanak egin edo horretan laguntzea. Peoiaren kasuan, udal lurperatzaileari laguntzea ere jaso da ardura nagusi gisa, lurperatzaileari lagundu eta honen opor edo gaixotasun bajatan ordezkapena egitea.

  Igeltserotzako peoi eta ofizial lanpostuetarako titulazio berdina eta printzipioz, azterketa mota berdina jartzea aurre ikusten bada ere, ardura maila ezberdina den aldetik, oposizioaldiko ariketek ere eskakizun maila ezberdina izango dute.

  Baina gainditu beharreko azterketen inguruko informazioa, edo hautaketa prozesura presentatu ahal izateko bete beharreko baldintza eta oinarriei buruzkoa udaleko web atariko lan eskaintza sailean ikusi daiteke edo udal bulegoetan eskatu.

  Hautagaiek ere eskaera orriak udal bulego horietan aurkeztu beharko dituzte. Ofizialki, horretarako epea bihar irekitzen den arren, gogoratu, uztailean udal bulegoak astelehenetik ostiralera soilik zabaltzen direla. Ondorioz,  praktikan, astelehenena izango da lanpostu honetarako eskaerak presentatzeko lehen eguna. Azkena, berriz, abuztuaren 9a, lehen esan bezala.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!