Udal Plangintzako Aholku Kontseiluaren eraketaren berri emango da gaurko Osoko Bilkuran

2016/05/26
Card image cap
Lege Soziologia Institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatzea eta tutoretzapeko apartamenduen araudia hasiera batean onartzea ere proposatuko da

  Hile hasieran aurkeztu zen herritarrei irekitako bilera informatibo batean Udal Plangintzako Aholku Kontseilua zer izango zen. Bereziki hirigintza arloan, Udalari iritzia emango dion organoa izango da. Herritarrek parte hartze nagusia izango dute kontseiluan, udal gobernuan nahiz oposizioan dauden alderdien ordezkariez gain, herriko talde, elkarte eta komunitate ezberdinetako ordezkariek parte hartuko baitute. Herriko talde eta elkarteek beren ordezkariak hautatu eta izena eman zezaten, 15 eguneko epea jarri zen eta hala, 18 herritarren partaidetzaz osatu da Udal Plangintzako Aholku Kontseilua. Eraketa hori jasotzen duen alkate dekretuaren berri emango da arratsaldeko Osoko Bilkuran.

  Gaurko bilerarako lan zerrendan 13 gai jaso dira. Aipatu dekretuaren berri emateaz gain, Oñatiko tutoretzapeko apartamentuen araudia hasiera bateko izaeraz onartzea eta Lege Soziologia Institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatzea proposatuko da, besteak beste.  Lege Soziologia Institutuarekin sinatu asmo den lankidetza hitzarmenaren xedea, Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten ikerketa proiektuak sustatzea da.

  Hainbat udal langileren lanpostuen balorazioa egitea edota Kiroldegiko eta Kalegoienako udal aparkalekuak arautzeko ordenantza behin betiko onartzea ere aztertuko da Udalbatzaren hileko bileran. Osoko Bilkura 19.30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!