Udal lursail patrimonialen inbentarioa berrituko da
1988an egin zen udalaren lur patrimonialen lan teknikoa, lursail bakoitzaren fitxa osatuz eta kokapena eta mugarriak zehaztuz. Lan hura probestu zen lursailetan mugarriak jartzeko. Lehen inbentario lan hura udaletxeko artxiboan gordetzen da.
Baina 33 urte pasatu dira eta orduko bilduma eta zerrenda eguneratu beharra ikusi du Udalak. Halako lanetan diharduten enpresetara jo da aurrekontu bila eta Errez izeneko enpresaren proposamena onartzea erabaki zen maiatzaren 6ko Tokiko Gobernu Batzarrean.
Udalaren lursail patrimonialen inbentarioa eguneratuta, lursail horien kudeaketarako aukerak aztertu ahal izango dira. Hala, partzela bakoitzaren egoera legala eta naturala eta mugarrien posizioa jasoko da, kudeaketarako aukerak zehaztuko dituen oinarri digitala eta fisikoa landuz.
Udal lursail patrimonialen inbentarioa eguneratzeko lan honek 16.500 euroko aurrekontua du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!