Udal liburutegiak astelehenean irekiko ditu ateak, maileguetarako soilik

2020/05/29
Card image cap
Astearterako Tertulixan saio telematiko irekia antolatu dute

  Deseskalatze faseetan zehaztutako epeak betez, ekainaren 1ean irekiko ditu ateak Udal liburutegiak, baina soilik dokumentuak maileguan hartzeko aukera egongo da. Oraingoz ezingo da bertan irakurtzen edo ikasten egon. Ahal den neurrian, maileguan hartu nahi diren liburu, DVD eta CDak aldez aurretik aukeratu eta eskaera egitea gomendatzen da. Horretarako on line katalogoa erabili behar da eta enkarguak telefonoz edo mailez egin daitezke: 943 716111 zenbakira deituta edo mezua liburutegia@onati.eus helbidera bidalita. Liburutegiko arduradunek enkargua prest izango dute erabiltzailea doanerako.

  Liburutegira bakarrik joatea eskatzen da eta adin txikikoak edo menpekoak beste pertsona batekin joatea. Musukoa edo maskara eraman beharko da eta Kultur etxera sartzerakoan eskuak garbitu beharko dira. Liburutegian jarraitu beharreko ibilbidea markatu da lurrean eta hori jarraitu eta bi metroko tartea gordetzea eskatzen da. Udal liburutegiak ordutegi berria izango du astelehenetik aurrera: astelehenetik ostiralera 10:00tatik 13:00 eta 16:00tatik 20:00tara eta larunbatetan, goizez soilik, hau da, 10:00tatik 13:00tara. Haur liburutegia berriz, 16:00tatik 19:00tara irekiko da, astelehenetik ostiralera.

  Aurrez aurreko mailegu zerbitzua martxan jartzearekin batera, liburutegiko on line jardunak aurrera jarraitzen du. Hala, astearterako, liburutegiko gaztelerazko irakurle taldearen Tertulixan saioa telematikoa antolatu dute, 18:00tarako. Ikasturteari amaiera emango dion saioa irekia izango da, Tertulixan saioak nolakoak diren ezagutu nahi dituzten herritar guztientzat. Jose Luis Borgesen Ficciones liburuaren inguruan jardungo dute, Ivan Repilak dinamizatuta. Saioa on line jarraitu ahal izateko esteka hauxe da: https://meet.jit.si/OnatikoliburutegiaTertulixangaztelaniaz 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!