Udal gobernuak "harriduraz eta kezkaz" jaso du EAJk Berezaorako egin duen proposamena

2022/07/21
Card image cap
Tamaina horretako proposamena, aparteko informaziorik gabe zabaltzea “arduragabea” dela uste du

  Berezaon kirol hiria eraikitzeko jeltzaleek asteburuan zabaldutako proposamenari erantzun dio EH Bilduk arduragabea dela esanez. Irudi soil baten oinarritutako tamaina horretako proposamena, egungo testuinguruan, eta aurrekontua, egingarritasuna edota bestelako esku-hartzeei buruzko informaziorik eman gabe zabaltzea arduragabea dela adierazi du gobernu taldeak, prentsa ohar bidez.

  Une honetan gainera, eta EAJren ekarpenez udal aurrekontuetan sartuta, futbol zelai berriaren kokapenaren inguruko azterketa martxan dela gogorarazten da idatzian. Azterketa horren emaitzarik jaso gabe jeltzaleek lekua aukeratuta dutela aipatzen da eta azterketa eskatu izanaren zergatia ez dela ulertzen gaineratu dute udal gobernuko ordezkariek.

  Bestetik, udal gobernuak azaldu du EAJren proposamenak ez duela kontuan hartzen Aloña Mendiren eskaera, kirol elkarteak beharrezko ikusten baitu ohorezko mailan jokatzeko zelai batekin batera, entrenatu eta gazteek jokatzeko bigarren futbol zelai bat. Jeltzaleek zabaldutako irudiak futbol zelai bat eta kantxa bat azaltzen dituela dio gobernu taldeak.

  Era berean, Zubikoa kiroldegiaren eraberritzea bukatu berri denean EAJren jokaera kezkagarria dela deritzote Berezaokoa moduko makro-azpiegitura bat proposatzean. Ekonomikoki udalaren egoera egonkor mantentzearen garrantzia azpimarratzen du gobernu taldeak. Herritarrei errealista ez den zerbait, irudi soil bat erabiliz aurkeztu izana leporatu die jeltzaleei prentsa oharrean. Gobernu taldeak, gainontzeko herritarren antzera, jeltzaleen proposamena hedabide eta etxeetara banatu diren esku orrien bidez ezagutu duela aipatzen da eta udal mailan proposamenak egiteko bide zuzenagoak badaudela gogorarazten dio EAJri.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!