Udal gobernuak aurkeztutako HAPOaren aurrerakina ilusio gutxiko plana dela dio EAJk

2021/06/01
Card image cap
(Arg: EAJ)
Anbizio eta zorroztasun falta duela eta herritarrak behar bezala informatu gabe idatzi dela salatu dute jeltzaleek

  Prentsa ohar bidez zabaldu du EAJko udal taldeak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakinak eragin dion kezka. Aurrez, osteguneko osoko bilkuran ere ezinegon hori zuzenean azaldu zioten alkateari eta udal gobernu taldeari.

  HAPOak herriaren eta herritarren etorkizunean duen garrantzia azpimarratzen da EAJren idatzian, etorkizuneko Oñati irudikatzeko oinarriak jasotzen dituen dokumentua baita. Hiri eredua eta ildo estrategikoak jasotzen dituen aurrerakin dokumentua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abuztuaren 12an argitaratu eta iradokizunetarako 3 hilabeteko epea ireki zela zehazten du jeltzaleen idatziak, taldeak hainbat iradokizun aurkeztu zituela azpimarratuz. Baina aurrerakina publikoki azaltzeko egin zen saio irekian proposatutako iradokizun horietatik bat bera ere ez zela jaso ikusi zuten eta horrek bereziki kezkatu dituela diote jeltzaleek, hainbat gai oker planteatuta daudela uste baitute. Konkretuki hiru esparruk kezkatzen dituzte jeltzaleak, idatzian aipatzen denez: bizitzeko lurzoruaren esparrua, kultur eta kirolari lotutako ekipamenduena eta herritarren partaidetzarena.

  Bizitzeko lurzoruaren esparruari buruz, datozen urteetako etxebizitzak Cegasa eta Eroski-Berezao lurzoruetan kokatzea akats handia dela deritzo EAJk, lurzoru hori leheneratu eta eraikigarri bihurtzeko 15-20 bat urte beharko direla zehaztuz. Eta bitartean beste alternatiba berririk planteatu ezean eraikitako etxebizitzen prezioa asko igoko dela diote jeltzaleek. Zentzu horretan, Garayko aukera mantentzea proposatzen dute.

  Kirol ekipamenduei dagokienean, eta konkretuki, Azkoagaingo futbol zelaiaren alternatiba moduan Korriuenan zelai berri bat eraikitzea proposatzen dute.

  Eta partaidetzari buruz, azkenik, herritarrek dokumentua modu errazean ulertu dezaten biderik ez dela egin salatzen du EAJk. Iradokizunetarako epean informazio saiorik ez egitearen ondorioz herritarrak iradokizunik egiteko aukerarik gabe geratu direla diote jeltzaleek.

  HAPOa osatzerakoan, udal gobernuak zorroztasun gutxirekin eta sakondu gabe aritu dela ondorioztatu du EAJ, eta hori kezkagarria eta etsigarria dela gaineratu du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!