Oñatiko udala

Udal Gobernu Taldeak prest du 2015eko aurrekontu proposamena.

2014/12/11
Gaia, datorren ostegunean egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.

  Bilduko udal taldearen aurrekontu proposamenaren egitasmo nagusiak hauek dira. Gizarte zerbitzuen arloan, eguneko zentrorako 5 plaza gehiago sortzea eskatuko zaio Aldundiari, zerbitzua bera berregituratzea aurre ikusten da, gizarte langileen errefortzua eginez eta pobreziarako diru laguntzen poltsa nabarmen igotzea proposatzen da.

  Sozioekonomian, enpresa proiektuen ekimenari jarraipena emango zaio herriko foro sozioekonomikoan enpresa txiki eta ertainentzako identifikatutako proiektuak garatuz, merkataritzako diru laguntzak handituko dira eta garapen agentziarekin elkarlanean atzerriratze eta berrikuntza proiektuak sustatzeko asmoa dago.

  Berdintasuna atalean, berdintasun teknikari bat kontratatzea aurre ikusten da eta berdintasun planaren ekintza planaren garapena gauzatzea.

  Datorren urterako beste kontratazio bat ere proposatzen du Gobernu taldeak, aurrekontuetan, Parte hartze eta dinamizazio sozialeko teknikari bat egun erdiz kontratatzea aurre ikusten baita. ELTZIA proiektuaren baitan bestalde, Musika Eltzia gauzatzeko 300.000€ko diru partida berezitzea proposatzen da.

  Aisialdi hezitzailea atalean, atzo aurreratu bezala, gazte lokalen fenomeno soziala aztertu eta ekintza protokoloa zehaztu eta Gaztelekuko zerbitzua ikuspuntu hezitzailearekin txertatu nahi du gobernu taldeak.

  Kiroletan, martxan den kirol planean zehazten den egitasmoarekin hastea aurre ikusten da.

  Lurralde antolamenduari dagokionean, azkenik, hainbat lan egiteko proposamena jaso da datorren urteko aurrekontu dokumentuan: San Lorentzo eta Errekaldeko obren baitan fase berriak gauzatu, Olabarrieta eta Ugarkalde bidegorriz lotu eta Olabartako errepide azpiko pasabidea egin, herriko Bidegorri sarea gauzatu, ibilbide natural historikoak berreskuratu, San Martin etxaldean dagoen parkea estali eta Bidebarrieta kalea irisgarritasun neurrietara egokitzea, besteak beste.

  Aipatutakoak, esan bezala, udal gobernu taldeak datorren asteko osoko bilkurara eramango duen aurrekontu proposamenaren ildo nagusiak dira. Gaia, goizean egin den ogasun batzordean aztertu da eta EAJk, hain handi batetan proposamenarekin bat datorrela ikusi da. Baina adostasuna ez da erabatekoa, eta GOIENAn bitartez jeltzaleek jakinarazi dutenez, Urrutxun atletismo pista egitea eskatuko dute, Bidaurreta-Olapoto eta Olakua eremuetako argiztapena hobetzea edota, hiri kanpoaldeko guneetan argiztapena hobetu eta komunak jartzea eskatuko dute.

  2015eko aurrekontuen inguruko eztabaida datorren ostegunean, hilaren 18ko Osoko Bilkuran izango da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!