Udal gobernu taldeak ia 17 milioi euroko aurrekontu proposamena osatu du datorren urterako, aurtengoa baino % 3,2 handiagoa.

2013/12/19
Card image cap
Gaia, goizean egin den Ogasuna batzordean eztabaidatu da baina bere horretan onartu ala ez arratsaldeko Osoko Bilkuran erabakiko da.

  Euzko alderdi jeltzaleak orain 15 bat egun jaso zuen EH Bilduren proposamena eta bi asteko tarte hori izan du aztertu eta alegazioak aurkezteko. Ogasun batzordeak ostegunero egiten duen bileran, oposizioaren ekarpenak eztabaidatzekoak ziren baina ez daukagu azken orduko informaziorik. Ez dakigu beraz, adostasunik izan ote den ezta, partida konkreturen bat negoziatuta diru kontu orokorrak aldatu diren. Hori, arratsaldeko Osoko bilkuran zehar jakingo dugu.

  Oraingoz eskuartean darabilgun informazioa esan bezala, udal gobernu taldeak EAJri helarazi zion proposamenarena da. Eta horren arabera, 2014an, udalak, 16milioi eta 864 mila euroko aurrekontua izango luke. Autengoa baino % 3,2 handiagoa.

  Udalaren sarrera arrunten igoera, foru fondoek izango duten igoeratik dator nagusiki. Gastuetan ere, gastu arrunt denak pitin bat igotzea aurre ikusten da baita inbertsioen atalean ere.

  Krisi garaian egonik ere, aurrekontu proposamen honen arabera udalaren, aurrezki arrunta positiboa izango da datorren urtean. Hori, hein handi batetan, udal departamentu guztiak 2008an hasitako bidetik jarraituz, gastu- euste lan handia egiten ari direlako da.

  Datorren urteko aurrekontuetan 2 milioi 300 mila euroko mailegu berria hartzeko aukera jaso da gobernu taldearen proposamenean. Baina hala egingo ote den ezin da ziurtatu. 2013an esaterako ez da mailegurik eskatu. Amaitzen ari den urte honen likidazio emaitzek baldintzatuko dute datorren urtean mailegu berria kontratatu beharko ote den.
Arratsaldeko Osoko Bilkuran aurrekontuak aurkeztuta, udal gobernu taldeak irailean hasi zuen lanketa prozesua itxiko du.

  Legealdi erdiko balantzea azaldu ondoren, herritarren ekarpenak jaso eta eztabaidatzeko bilerak egin ziren. Hartarako jarri ziren buzoietan 176 proposamen eta ekarpen jaso ziren. Horiek eskutan, lehenetsi beharreko ekintza plana eztabaidatu zen 50bat herritarren partaidetza izan zuen tailerrean.

  Sozioekonomia arloan, 2014ko aurrekontu proposamenean, langabetuen formazioa eta enplegu planen bitarteko kontratazioak jaso dira. Herriko komertzioan kontsumitzeko gastuarena txikipena eta herriko enpresa txiki eta ertainekin proiektuak garatzeko partida. Gizarte politikan, etxebizitza tutelatuen proiektua, alokairu sozialerako bi etxebizitza egokitzea eta Nagusi egitasmoa jaso dira.

  Lurralde antolamenduari dagokionean, San Lorentzoko urbanizazioarekin jarraitu eta Zubillagarekin hastea aurre ikusten da. Mugikortasun plana garatzeko berriz, 200.000 euroko diru partida gordetzea proposatu du EH Bilduk. Kirolaren plan estrategikoa, herri kurrikulum proiektua garatu eta  ETEOrako 50.000 euroko inbertsioa ere arratsaldean aurkeztuko diren aurrekontuetan jaso du udal gobernu taldeak.

  Xehetasun guztiak arratsaldeko Osoko Bilkuran jasoko ditugu, eta orduan argituko da esan bezala, proposamenak udalbatza osoaren babesa duen ala ez. Bilkura, arratsaldeko 7.30tan hasiko da eta ohitura dugunez zuzenean eskainiko dizuegu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!