Udal gobernu taldeak, aurtengo lan eskaintza publikoa bertan behera uztea proposatuko du ostegunean egingo den urriko Osoko Bilkuran.

2012/10/22
Madrilgo gobernuak agindutakoa jarraituz, udal plantilla osatzeko ez da langile berririk kontratatuko.

  Lau ziren 2012ko lan eskaintza publikoan udalak bete asmo zituen lanpostuak: euskara teknikari plaza, peoi igeltsero plaza, ofizial igeltsero plaza eta argiteriako ofizial plaza. Lan eskaintza pasa den abenduko Osoko Bilkuran onartu bazen ere, erabakia hartu eta 8 egunera, Madrilgo gobernuak administrazio publikoan kontratazio berriak egitea eragozten zuen erret dekretua onartu zuen.

  Udalak, hasieran entzungor egin zion aginduari eta ekaina-uztaila bitartean aipatu lau plazak betetzeko hautaketa prozesuak abian jarri zituen. Interesa zuten hautagaien izenak eta kurrikulumak jaso ziren. Baina prozesuarekin aurrera egin baino lehen, udaleko antolakuntza eta giza baliabideen teknikariak txostena egin zuen. Lanpostuak betetzeko azterketaldiak hasi eta prozesuak bertan behera uzten baziren, hautagaiek, udalari kalte ordaina eskatzeko aukera zutela jakinarazten zen teknikariaren txostenean. Horren haritik udal kontu-hartzaileak erreparo txostena egin zuen eta idazkariak, zinegotzien erantzukizunari buruzko txostena ere aurkeztu zuen.

  Hiru txostenetan, 2011ko abenduaren 30eko erret dekretuan jasotakoak egungo udal langileei eta lan eskaintza publikoari zein puntutan eragiten dion azaltzen dute.

  Gaia aztertuta, etorkizunean kalte-ordain eskaera arazorik egon ez dadin, aurtengo lan eskaintza publikoa bertan behera uztea erabaki du gobernu taldeak. Lan eskaintzaren gaia udalbatza osoari dagokionez, prozesua bertan behera uzteko proposamena egingo da osteguneko bilkuran. Era berean, udal langileen soldata 2010eko ekaineko mailara itzultzea eta Elkarkidetza langileen pentsio planari udalak egiten duen aportazioa ehuneko 10era murriztea proposatuko da. Gaixotasun bajen ordainketa konpentsatzeko osagarrien inguruan bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu duen formula bera aplikatzea proposatuko da.

  Gai guztiak, esan bezala, ostegunean egingo den urriko Osoko Bilkuran aurkeztu eta onartzea espero dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!