Oñatiko udala

Udal gobernu taldeak 2021eko aurrekontu proposamena zehaztu du

2020/12/03
Card image cap
Ia 16,6 milioi eurokoa da, aurtengoa baino %3,6 murritzagoa

  Azaroaren 24an helarazi zioten oposizioari gobernu taldearen aurrekontu proposamena eta abenduaren 15era arteko epea zehaztu da elkarrekin landu eta osatzeko. Abenduaren 17an egingo den Osoko Bilkuran aurreikusten da  2021eko udal aurrekontua onartzea.

  16.587.383 euroko aurrekontua osatu du udal gobernu taldeak datorren urterako, aurtengoa baino % 3,6 txikiagoa. Covid-19aren eragina islatu da aurrekontu proposamen honetan, sarreretan jaitsiera esanguratsua egongo baita, bereziki, Foru Funtsatik aurten baino %7 gutxiago jasotzea espero delako. Baina pandemiak eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko asmoz, ez ohiko dirulaguntza eta partidak zehaztu dira.

  Aurrekontu proposamena osatzerakoan, behar handiena duten sektoreetara bideratutako gastua eta herriko eragileei egiten zaizkien transferentziak mantentzea izan da lehentasuna. Horrek, beste arlo batzuetan dirua aurreztea ekarriko du. Jaitsiera nabarmenena barne antolaketa departamentuan eta lurralde antolaketan izango dira. Baina inbertsioak ez dira etengo eta hartarako 1,2 milioi euro bideratzea aurreikusten da. Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatzen duen aurrekontu proposamena dela aipatu zen atzo egin zen aurkezpenean eta ondorioz, ez dela zorpetze berriren beharrik izango.

  Ziurtasunik gabeko egoera zail honetan aurrekontu txukunak zehaztu ahal izana pozgarria dela aipatu zuen Izaro Elorza alkateak eta behar handiena dutenei laguntzen jarraitzeko proposamena dela erantsi zuen. Ildo horretan, eta batzordeka izango diren partida esanguratsuenak aipatzerakoan, gizarte larrialdietarako dirulaguntzak %21 jasoko dela esan zuen. Hezkuntza arloko inbertsioetarako partida ere %14 handituko da, kontsumo bono berriak aterako dira, Musika eskolaren proiektua osatuko da, Ingo xonau proiektua babesten jarraituko da, Urrutxuko zabortegiaren zigilatzearen bisarren fasea idatziko da, Azkoagain inguruko irisarritasun proiektua gauzatu eta Lezesarri auzoko sarrerak hobetuko dira, Munazategiko birigilgune berrrian Garibai auzorako sarbidea egokituko da eta San Martingo parkea berritzea ere aurreikusten da, besteak beste.

  Oraingoz proposamena soilik den aurrekontua, oposizioarekin adosten saiatuko dira eta hala lortzen bada, edo ez, gaia abenduko Osoko Bilkuran aurkeztuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!