Udal gobernu talde berriaren lehen gobernu batzarra egingo da gaur arratsaldean

2019/07/11
Card image cap
15 gaiko lan zerrenda izango dute

  Gizarteratze eta laneratze prozesuan dauden pertsonak lan merkatuan txertatzeko udalak, Ulma taldeak eta Bidebarrik sinatutako lankidetza hitzarmena berritzea izango da aztergaietako bat. Orain urtebete, iazko uztaileko Osoko Bilkuran onartu zen lankidetza hitzarmen honek bi ardatz nagusi ditu: Bidebarri enpresan laneratze prozesua amaitzen duten pertsonak aldi baterako kontratatzeko konpromisoa hartzen du Ulma taldeak, batetik, eta 50 langile baino gutxiago dituzten Oñatiko enpresei zuzendutako dirulaguntza lerro berria sortu da, laneratze prozesua amaitzen duten pertsonak aldi baterako kontratatu ditzaten, bestetik. Dirulaguntza horien euskarri den funtsa Ulma Fundazioak eta udalak osatzen dute, 10.000 euro jarriz. Hala egin zen 2018an eta beste horrenbeste egitea proposatuko da aurten, hasieran bi urtetarako zen hitzarmen honi jarraipena emanez. Baina gaia, esan bezala, arratsaldeko gobernu batzarrean aztertuko da.

  Oñatiko hirigune historikoa birgaitzeko plan bereziaren aldaketa puntuala egitea, edo pasa den astean aurreratu bezala, Zubillaga 34 zenbaki inguruan erreka-horma gogortzeko lanen zuzendaritza izendatzea ere proposatuko da. Udanarako errepidean bidegorria egiteari buruz herritar batek aurkeztu duen eskaera ere aztergai izango da arratsaldeko bileran.

  Sozioekonomia batzordearen eskutik berriz, Singular dendak programarako hitzartuta zegoen aurrekontua gehitzeko proposamena edota, Hirigune, hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntza programara aurkezteko aukera aztertuko dira, besteak beste.

  Gaurkoa, esan bezala, udalbatza berria eratuta izendatu zen gobernu taldeak egingo duen lehen ohiko batzarra izango da. Astelehenean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gobernu batzarreko kideen zerrenda. Sei lagunek osatzen dute: Izaro Elorza alkateak eta Xabier Igartuak, Anik Zubizarretak, Iñaki Olaldek, Maite Antonek eta Iker Oñatek. Tokiko Gobernu Batzarraren bilera arruntak astero, ostegunetan, 17:00tan egingo direla ere onartu zen azken Osoko Bilkuran eta hala argitaratu da aldizkari ofizialean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!