Udal Gobernu talde berriak legealdiko lehen bilera egingo du gaur arratsaldean
Udalak hainbat diru laguntza ematen ditu urtero. Aurreko legealdian jada, diru laguntza ezberdinak bateratzeko ahalegin berezia egin zen, bai, udal departamentu bakoitzak ematen zituenak deialdi bakarrean bilduz eta baita ere, izaera paretsukoak izaki departamentu ezberdinen arteko irizpideak bateratuz. Orain, haratago joan asmo da eta legealdi berrian udalak dituen lehentasunak gauzatu ahal izateko lagungarriak izango diren diru laguntzen plan estrategikoa osatu asmo da. Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean, plan estrategiko horren lehen aurkezpena egingo da. Ogasun batzordearen eskutik, azken asteetan gauzatu diren hainbat kreditu aldaketen berri ere emango da, besteak beste.
Kirolak batzordeak aurkeztuta, bestalde, Zubikoa kiroldegiaren ziurtagiri energetikoa atera eta energia kontsumoak monitorizatzeko proposamena aztertuko da. Ur, gas eta argindar kontsumoa ezagutu eta kontrolatu asmo da. Legez gainera, eraikin handietan halako kontrola eramatea agintzen da. Eraikin publikoek ahalik eta jasangarrien izan daitezen, energia kontsumo kontrolatu bat izan behar dute. Zentzu horretan, kontsumo hori monitorizatzeko proposamena egingo da Tokiko Gobernu Batzarrean, etorkizunera begira eta jarraipen batez jasotako datuak eskutan, energia kontsumo hori gutxitzeko hobekuntza lanak programatu eta gauzatu ahal izateko. Energia aurrezte bidean, orain urte batzuk dela, panel fotovoltaikoak jarri ziren Zubikoa kiroldegian. Eraikin zaharrean jarri zirenek sortutako argindarra igerilekuko ura berotzera zuzentzen da. Ez da nahikoa, hala ere, eta energia iturri konbentzionalak ere erabiltzen dituzte zeregin horretarako.
Kiroldegian jarraituz, igerileku ondoko belardian eta terrazan hainbat kartel jartzeko proposamena aztertuko da arratsaldeko bileran eta bide batez, terrazako mahaiak, aulkiak eta itzalkiak berritzea ere proposatuko da.
Lan zerrendan, 13 gai jaso dira, baina hortik kanpora beste hainbat azaldu daitezke 18.00tan hasiko den batzarrean.
Gaurkoa, Udal Gobernu talde berriaren lehen bilera izango da. Gogoratu, Udal Gobernu taldea bost lagunek osatzen dutela: Mikel Biain alkateak eta Irati Etxeberriak, Borja Moiuak, Nerea Zubiak eta Kepa Zelaiak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!