Oñatiko udala

Udal batzorde informatiboak zehaztu eta osatuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran

2023/06/29
Card image cap
Udalbatza berriak batzordekako ordezkaritza eta funtzionamendua erabakiko du gaur
Hautetsien dedikazioa, soldata, talde-bozeramaileen izendapena edota zenbait eskumenen eskuordetzea ere erabakiko dira

  Bi Osoko Bilkura, ohikoa eta ez-ohikoa, elkarren segidan egingo dira gaur arratsaldean, baldin eta bigarrenaren presazko izaera onartzen bada. Udal jardun edo funtzionamenduan oinarrizkoak diren gaiak erabakiko dira: Udalbatza zenbatero bilduko den. zein lan batzorde izango diren eta nortzuk osatuko dituzten. Alkateak 15 lan batzorde osatzea proposatuko du, aurreko legealdian baino bi gehiago. Izan ere, orain arte batzorde bakarrean biltzen ziren Zerbitzuak eta Landa Garapena eta Sozioekonomia eta Turismoa bereiztea proposatuko da. Arratsaldeko bileran, 15 batzorde horien partaideak eta buruak izendatuko dira.

  Udal funtzionamenduarekin jarraituz, alkate eta zinegotzien dedikazio eta soldatak, dedikaziorik ez duten zinegotzientzako laguntzak eta talde politikoen asignazioak ere erabakiko dira. Alkateordeak eta tokiko gobernu batzarreko kideak nortzuk izango diren erabakita dago, Alkate Dekretuz erabaki da eta horren berri emango da gaurko Osoko Bilkuran.

  18:30etan hasiko den ohiko bilkuraren ondoren, ez-ohiko eta presazkoa ere deitu da. Udalbatzaren agintepean dauden organo ezberdinetan udalbatzaren ordezkariak izendatuko dira. Maila eta helburu ezberdineko organoetarako ordezkariak izendatuko dira, izan San Martin egoitza, Oñargi, Merkaoña, Oñatiko ur Jauziak, Zubillagako hiltegia, Oñatiko emakumion kontseilua, auzo alkateen foroa edota EUDEL, UEMA eta Gipuzkoako Parketxe Sarea, besteak beste. Batzuetan, ordezkaritza murritzagoa da, eta alkatea edota EH Bilduko hautetsiren bat izendatuko da, ordezkaritza handiagoko erakundeetan EAJko hautetsiak eta bestelako herritarrak ere izendatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!