Oñatiko udala

Udako kirol kanpainan izena emateko epea bihar irekiko da

2021/05/18
Card image cap
Cross fit eta baso eskola dira aurtengo eskaintzako berrikuntzak

Ekainaren 28tik uztailaren 23ra egingo da aurten udaleko Kirol departamentuak antolatzen duen udako kirol kanpaina. Ohikoa denez, ekintza batzuk txanda bakarrean beteko dira eta beste batzuk 15 eguneko bi txandatan banatuta. Eskaintza eta izen-emate prozesua azaltzen duen esku-orria pasa den astean banatu zen ikastetxeetan.

  Kirol eskaintza zabala da aurten ere, eta klasikoak diren tenis, pilota, golf, patinaje, multikirola, eskalada edota mountain-bikekin batera cross fit gazte eta baso eskola eskaintzen dira lehen aldiz.

  Bihar bertan irekiko da kirol kanpainan parte hartzeko izen-ematea eta astelehenean, maiatzaren 24an itxiko da. Jende pilaketak saihesteko asmoz, izena online emateko aukera egongo da, www.zubikoakiroldegia.oñati.eus helbidean. Online bidezko izen-emateetan harremanetarako telefono zenbakia eta posta elektronikoa zehaztea eskatzen da. Bestela kiroldegian bertan ere eman ahal izango da izena, 9:00-13:00 eta 15:00-19:00 bitartean.

  Pertsona bakoitzak gehienera hiru ekintzetan eman ahal izango du izena, eta jarduera bakoitzeko gehieneko plaza kopurua gainditzen bada, zozketa bidez osatuko dira taldeak. Zerrendak maiatzaren 27an argitaratuko dira.

  Guztira 17 kirol jarduera ezberdinetan aritzeko aukera egongo da aurten,  ordutegi zein egutegi ezberdinetan banatuta. Udako kirol kanpaina haur eta gazteei zuzenduta dago, 4 urtetik 16 urtera bitartekoentzat eskaintzan gertatu baita aurten. Prezioari dagokionean, kiroldegiko bazkide diren ala ez bereizten da.

  Pandemiak hala eraginda iaz ez zen kirol kanpainaren eskaintzarik egin gurean eta askok faltan bota zuen. Oinarrizko autobabes neurriak hartuta, musukoa, eskuen garbiketa, distantziak eta abar, uztailean kirol kanpainan murgiltzeko aukera izango da aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!