Udako aisialdi eskaintzei erantzuteko 80 lagun kontratatu ditu Udalak

2021/06/28
Card image cap
Gaur hasi dira udalekuak eta uda kanpaina
Gehienak begirale arituko dira udaleku irekietan

  Aldi baterako kontratazio laburrak dira udalak garai honetan egiten dituenak, udako aisialdi eskaintzei aurre egin ahal izateko. Hilabete exkaxeko lan kontratuak izaten dira eta orduka, edo jardun erdirako, egiten dira. Herriko gazteak izan ohi dira jarduera hauetarako kontratatzen direnak eta askorentzat lehen lan kontratua eta esperientzia izan ohi da.

  Gaurko egunez sinatu diren 80 kontratuetatik 65 udaleku irekietako begiraleei dagozkie eta beste 15 uda kanpainako kirol begiraleei. Gaur hasi dira bai udaleku irekiak eta baita uda kanpainako lehen txanda nahiz txanda bakarreko ekintzak.

  Udaleku irekietan HH-3tik LH-6ra bitarteko 400 neska-mutikok parte hartzen dute. Joan den urtean baino material gehiago izango dute eskuragarri ekintza ezberdinak egiteko eta tartean, uraren eguna eta ur jolasak berreskuratuko dituzte. Gainera, Araotzera, Arantzazura, Zubillagara, Olabarrietara edota Usakora irteerak egingo dituzte. Udaleku irekietarako 65 begirale kontratatu ditu udalak hilabeterako, udalekuak uztailaren 23an amaituko diren arren, formazio saioetako orduak ere gogoan hartzen baitira.

  Kirol begiraleak berriz 15 dira eta hauei lau astetarako kontratua egin die udalak, gaurtik uztailaren 23ra arte. Udako kirol kanpainan, 700dik gora haur eta gaztetxo arituko dira bi asteko iraupena duten txandatan edota lau astez luzatuko den txanda bakarreko ekintzetan. 22 jarduera beteko dira 1.300 ekintza baino gehiago, guztira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!