Oñatiko udala

Udaberriko ekintza bereziak antolatu ditu ludotekak datozen egunetarako

2021/03/26
Card image cap
Datorren asteko ekintzak arratsaldez izango dira eta hurrengokoak goizez

  Eskola oporrak tarteko, ekintza sorta berezia antolatu du Txaloka ludotekak herriko haur guztientzat. Irekiak dira eta kalean, herriko gune ezberdinetan egingo dira. Eguraldi txarra eginez gero ordea, plazan antolatutakoak azokara aldatuko dira eta gainerakoak ludotekara.

  Haurren sormena eta parte hartzea bilatzen duen ekintza sorta antolatu dute Txaloka ludoteka hezitzaile eta haurrek, zer egin, haurrei galdetuta erabaki baita, beti ere, beharrezkoa den materiala kalera ateratzeko egokia dela baloratu ondoren.

  Datorren astean arratsaldez egingo dira ekintzak, 16:30tatik 19:30tara. Astelehenean plazan playmais eta eraikuntza jolasak egin ahal izango dira; asteartean San Martinen malabarak egin eta zirko tailerra izango dira eta asteazkenean Eltziako txorroten parkean plastilinarekin sortu eta trigonos-en jolas egiteko aukera izango da.

  Pazko astean ere egunero izango da ekintza berezirik, 10:30etatik 13:30etara. Apirilaren 6an puzleak aterako dira eta makarroiekin bitxiak sortu ahal izango dira azoka plazan; 7an, udaberriko landareak landatu eta oreka jolasak egingo dira San Martinen; 8an, mural erraldoia egin eta mahai jolasetan aritzeko aukera eskainiko da Eltziako txorroten parkean eta 9an, azkenik, Makedo eta kaleak apaintzeko tailera egingo da Goienako plazan. 

  Parte hartzeko ez da izenik eman beharrik, ekintza lekura joatea nahikoa izango da. Aste Santuko oporretan ekintzak kalera ateratzeko ohitura du Txaloka ludotekak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!